EAJren Uri Buru Batzarraren ustez, Etxebeltz Izarrako egoerak "teknikoki irtenbide erraza" du

Uztarria.eus 2009ko mai. 26a, 12:05

Onartu zen Planeamenduari azterketa ekonomiko-finantzarioa txertatu eta hori onartutakoan egoera behin betiko konponduta geratuko litzatekeela adierazi dute Batzarretik

Irtenbidea egingarria izango dela diote, "beti ere gaur arte egon ez den borondate ona jartzen baldin bada"

Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak Etxebeltz Izarrako etxeen inguruan irtenbide bat proposatu du. Oposizioko alderdiek nahita agertzen duten isiltasunaren aurrean, "irtenbidea teknikoki erraza" dela eta "benetan zailtasunak dituena akordio politikoa lortzea" dela berretsi dute batzarrekoek.

EAJren Uri Buru Batzarrak proposatutako "irtenbide erraz" hori lortzeko, Etxebeltz-Izarrarako onartu zen Planeamenduari azterketa ekonomiko-finantzarioa txertatzea da eman beharreko lehen pausoa. "Horren onarpena lortutakoan, arazo hori behin betiko konponduta geratuko litzateke, eta une horretatik aurrera kontratuak egin, eraiki,zozketak egin eta etxeak eraiki eta esleitzeko prozesuari amaiera eman ahal izango litzaioke, inolako mehatxu edo etenaldirik gabe".

Batzarraren ustez, irtenbidea "erraza bezain egingarria da gaurko egunean Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen gainean dagoen mehatxuari lehenbailehen irtenbidea aurkitzeko, beti ere gaur arte egon ez den borondate ona jartzen baldin bada".

Bestetik, EAJren Uri Buru Batzarraren beste proposamen bat da Udalaren aurrekontuetan 12.000 eta 18.000 euro arteko partida bat sartzea, "etxeen gaian kaltetuak, beharrezkoa ikusten badute, beraien eskubideak defendatzeko aukera izan dezaten" eta "iritzi independentea izaten jarrai dezaten".

Arau Subsidiarioei dagokionez, gehiengo politikoak nahi badu eztabaida prozesu bat irekiko dela azaldu dute, baina hori "gaur egunean Etxebeltz-Izarran dugun egoera desblokeatu ondoren, eta buruhauste larritan dabiltzan ehunkar azpeitiar horiei ilusioa itzuli ondoren izango da".

Gainerako alderdi politikoei elkarrizketa eta erabakietara iristeko borondatea eskatuko dietela azaldu dute batzarretik, "nahiz eta badakigun ANV, EA eta Aralarrek duten konponbiderako borondate ezak baldintzatuta jarraitzen dugula".