Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren inguruan hainbat ekintza antolatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2009ko mai. 25a, 13:05

Ekainaren 5ean ospatzen da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna

Biharko (asteartea) azokan, loreak banatuko dituzte

Azpeitiko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Bihar, asteartea, hasiko da Udala ekimenekin: loraldi balkoi eta leihoetako lehiaketa dela-eta, biharko azokan loreak banatuko dituzte, "herritarrek euren etxeko balkoiak dotoretu eta lehiaketan parte-hartzeko gogoa sustatzeko" helburuarekin. Udaletxe azpian izango dira loreak oparitzen, goiz osoan zehar.

Ostiralean, Egin keinu naturala ekimena izango da plazan. Antolatzaileen arabera, "biodibertsitarearen inguruko kontzientzia" suspertzea nahi dute.

Bidezko merkataritza eta bigarren eskuko azoka

Bidezko merkataritza eta bigarren eskuko azoka ere antolatu ditu Udalak ostiralerako. 17:00etatik 20:30era Enparantza Nagusian jarriko dituzte postuak. Azpeitiko merkatuan Bidezko Merkataritzako salmenta-postu zabala egongo da, elikagaiak, eskulanak edo apaingarriak erosteko aukera izango delarik.

"Bidezko Merkataritzako produktuak kontsumitzeak hainbat gauza bermatzen ditu", diote antolatzaileek. "Batetik, hegoaldeko langileek ekoizten dituzten gaiengatik bidezko prezioa ordaintzea bermatzen du, haien bizitza-maila duina lortuz. Horri lotuta, pertsonen oinarrizko eskubideak babesten ditu, haurren esplotazioa salatuz eta sexuen arteko berdintasuna aldarrikatuz. Hirugarrenik, kalitatezko gaiak ekoiztea bermatzen du, ingurumena eta giza eskubideak behar bezala zainduz lan eginda". Bigarren eskuko merkatuarekin, berriz, "berrerabilpena sustatu" nahi dute.

Azpeitiko Udalak karpak eta mahaiak jarriko ditu eta edozein herritarrek postu bat erreserbatzeko aukera izango du. Lekua gorde edo informazio gehiago eskuratzeko 943 67 02 45 telefono zenbakira deitu behar da.