Errezilgo Udalarekin bat egin dute hainbat elkarte eta udalek eolikoaren aurka

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 15a, 18:05
Joan den asteazkenean Errezilen eman zuten prentsaurrekoa (OLATZ PRAT)

Gazume eta bere inguru naturala industrializatzeko asmoarekiko "desadostasuna eta erabateko gaitzespena" adierazi zuten asteazkenean prentsaurrekoan

Igandean, erromeria giroan, eolikoaren aurka egiteko protesta ekitaldia antolatu dute Zelatunen

Gazumeko zentral eolikoaren proiektuari aurre egiteko asmoz, hainbat udalerri, sindikatu eta inguruko mendizale eta natur taldek bat egin du Errezilgo Udalarekin. Hala, Gazume eta bere inguru naturala industrializatzeko asmoarekiko "desadostasuna eta erabateko gaitzespena" adierazi zuten asteazken arratsaldean Errezilen emandako prentsaurrekoan.

Berriztagarrien kalteak

Errezilgo alkate Iñaki Oiartzabalek, han bildutakoen izenean beti, energia berriztagarriei dagokienez "diskurtso faltsua" egiten dela salatu zuen. "Energia-iturri berriak bilatzen hasi aurretik, gure energia-kontsumoa aztertu eta gutxitzeko ahaleginak" egin behar direla dio. Gainera, egungo energia-politikaren inguruan "kontsumitzaile guztiak eta alor horretan diharduten enpresa eta eragileak kontuan hartuko dituen eztabaida serio bat" behar dela uste dute.

Gainera, energia berriztagarri horiek eragiten dituzten kalteak ere aipatu zituen: "Paisaian duen eragina, urrunetik entzuten den zarata, landa-lurraren galera eta faunan zein landaredian kalte neurtezinak" sortuko dituela salatu zuen.

ZLPa berrikustea

Gazumeko proiektua ez da tokiko proiektu isolatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolaketarako legedien barruan kokatzen den plangintzaren ondorio baizik. 2008an Eusko Legebiltzarrak Zatikako Lurralde Plana (ZLP) berriz aurkezteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, "ez zelako teknologia berrietara egokitzen, ez eta ingurumenaren edota naturaren kontserbazioaren inguruko legedira ere; Natura 2000 sarera, bereziki».

ZLPak Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 sareari ia bere osotasunean eragiten dio; esaterako, Ernio-Gazume ere duen balio naturalagatik babestutako tokia da. Hori horrela izanik, "zein zentzu du bere natur balioengatik eremu bat babesteak gero tamaina honetako txikizioak baimenduko badira?", zioen Oiartzabalek. Gainera, «ez da ahaztu behar hau guztia zentral eolikoak egitea proposatzen den lekuetako bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe onartu zela".

Energia eolikoa aprobetxatzeko baliabideak jartzearen alde agertu ziren, baina, "ingurumenean halako eragina izango ez duten bideez baliatuz".

Zelatunen erromeria igandean

Igandean elkarretaratzea eta erromeria izango da Zelatunen. 12:00etan ordu erdiko hitzaldia emango dute eta, ondoren, bertan erabakitzen denaren arabera, Gazumera taldean igoko dira han bildutakoak.

Azpeitiko Lagun Onak MB-k irteera antolatu du Zelatunera igotzeko. Oinez joateko, goizeko 08:00etan plazatik aterako da taldea. 09:00etan autobusa egongo da plazan Errezilera, handik oinez Zelatunera igotzeko.

Zarauzko Pagoeta ME-k eta Arkamurka Natur Taldeak ere irteera antolatu dute. 08:00etan aterako da autobusa eta Andazarretatik Gazumera igoko dira, handik Zelatunera 12:00etarako jaisteko.

Errezilgo Udalaren helegiteei aurkeztutako atxikimenduak

  • Udalak

    .13 dira mementuz atxikimendua eman duten udalak.

    • Aduna.
    • Aizarnazabal.
    • Albiztur.
    • Anoeta.
    • Azkoitia.
    • Azpeitia.
    • Beizama.
    • Bidegoian.
    • Errezil.
    • Ikaztegieta.
    • Larraul.
    • Zestoa.
    • Zizurkil.
  • Bestelako erakundeak eta taldeak

    .27 taldek eman dute atxikimendua.

    • Akerra Elkartea.
    • Atala Kultur Taldea.
    • Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkuna.
    • Biolur, Nekazaritza Ekologikoaren Elkartea.
    • Club Vasco de Camping.
    • Eguzki Talde Ekologista.
    • Eneko Haritza Kultur Taldea.
    • ERAU taldea.
    • Erniarraitz Bertsolaritza Elkartea.
    • Erniope Elkartea.
    • Erniozaleak Elkartea.
    • Errezilgo Azoka.
    • Errezilgo ezker abertzalea.
    • Euskal Herriko Nekazaritza Elkartea (EHNE).
    • Gipuzkoako Ehiza Federazioa.
    • Haritzalde, Donostiako Natur Taldea.
    • Mutrikuko Natur Taldea.
    • San Martin Herri Eskola.
    • SEO Donostia.
    • Orioko Herrio Natur Taldea.
    • Orioko Talaimendi Mendi Taldea.
    • Toki Alai Guraso Eskola.
    • Zarauzko Arkamurka Natur Taldea.
    • Zarauzko Mendi Taldea.
    • Zestoako Natur Taldea.
    • Zumaiako Indamendi Mendi Taldea.
    • Zumaiako Natur Taldea.