Landare inbaditzaileen gaineko hitzaldia antolatu dute Ikasberri Azpeitiko Ikastolan

Uztarria.eus 2009ko mai. 11a, 20:05
Ikasberriko ikasleak, landare inbaditzaileekin lanean.

Bihar (asteartea, hilak 12) izango da, ikastolako bilera gelan, 21:00etan

Hitzaldian, landare inbaditzaileak kentzeko edo desagerrarazteko dauden metodoak azalduko dituzte

Bihar (asteartea, hilak 12), 21:00etan hasita eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren bilera gelan, landare inbaditzaileen gaineko hitzaldia izango da. Ikastolako DBH-2ko ikasleek antolatu dute hitzaldia eta poligono japoniarra (Fallopia japonica), panpa-lezka (Cortaderia selloana) eta Buddleja Davidii bezalako landareak kentzeko edo desagerrarazteko dauden metodoak azalduko dituzte bertan. Metodo hauen berri, Arantzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailekoek eman diete.

Joan den otsailean deialdia egin zieten Ikasberriko ikasleek herritarrei, hain hedaturik dauden landare inbaditzaile horien kokapenak zehazteko laguntza eskatuz. Biharko hitzaldira agertzen direnek, ibaitik kanpo japoniarra dagoen gune ezberdinen argazkiak ere ikusi ahal izango dituzte. Hau guztia hobeki azaltzeko, datuak jasotzeko erabili duten GPS-az lortutako landare-guneetaz (waipoint-etaz alegia) baliatuko dira ikasleak eta, mapa baten gainean, aipaturiko guneak erakutsiko dituzte.

DBH-2ko ikasle hauek Foru Aldundiko arduradunekin, Azpeitiko eta Azkoitiko udal-teknikariekin eta Arantzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailekoekin harremanetan eta elkarlanean ari dira lanean. "Informazioa ahal den gehien zabaltzea garrantzizkotzat jotzen" dute, ordea, eta horregatik antolatu dute hitzaldia. Beren lurretan japoniarra duten eta aurtengo kanpainan parte hartzeko baietza eman duten lur-jabeei luzatu nahi diete, bereziki, hitzaldira agertzeko gonbita. Baina hitzaldia gai hauetaz interesa duen herritar ororentzat irekita dago, "Elkartzeko eta iritziak kontrastatzeko" aukera ona izan daiteke, antolatzaileen esanetan.