Urola Ikastolako hiru taldek 'Kosmodisea' sariak irabazi dituzte

Uztarria.eus 2009ko mai. 8a, 12:05
Urola Ikastolako ikasle sarituak, maiatzaren 4an Donostiako Kursaalean egindako sari banaketa ekitaldian.

Batxilergo mailako sari guztiak Urola Ikastolako taldeek eskuratu dituzte

Proiektuaren helburua teknologia berriak erabiliz talde-lana sustatzea da

Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko ikasleek hiru sari eskuratu zituzten, joan den astelehenean, Kosmodisea lehiaketaren sari banaketa ekitaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak antolatutako proiektuan DBH 4.mailako eta Batxilergoko informatikako ikasleek hartu dute parte.

Kosmodisea proiektuaren helburua teknologia berriak erabiliz ekintzailetasuna eta talde-lana sustatzea da. Urola Ikastolakoen arabera, "ikasturte guztian zehar lan desberdinak egin behar izan dituzte ikasleek, audio, bideo eta irudiekin proiektu desberdinak burutuz. Proiektu hauek blog-en bidez publikatu dituzte".

Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko Informatikako ikasleak DBH eta Batxilergoa multzoetan parte hartu dute. "Multzo bakoitzean puntuazio altuena lortzen zuten hiru talde saritzen zituzten. Batxilergo mailan, sari guztiak Urola Ikastolako taldeek eskuratu dituzte", adierazi dute Urola Ikastolatik. Azkoitiko Mikel Larrañagak, Iker Aranbarrik, Gaizka Alberdik eta Jokin Aizpuruk osatutako AzkoittiRock taldeak lortu du lehen postua. Bigarren postuan Azkoitiko Wacky taldea sailkatu da, Maialen Artetxek, Laida Beristainek, Laura Godoyk eta Idoia Goenagak osatutakoa. Hirugarren postua Azpeitiko Beñat Aldalurrek, Elixabet Galdonak, Lara Idoetak, Iraide Iriartek eta Maite Jauregik osatutako Benato taldeak lortu du.