Etxebeltz-Izarra auzia konpontzeko bi proposamen, baina adostasunik ez

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 6a, 13:05
Etxebeltz-Izarra eremuan eraikitzen ari diren etxebizitzak.

EAJren ustez, Arau Ordezkatzaileei auzitegiak eskatutako txostena gehituta konponduko litzateke arazoa

Ezker abertzalearentzat hori partxeoa da eta arauak berriz egin behar dira, "etxejabeei berme juridikoak emateko"

Etxebeltz-Izarraren auzia arazo iturri bihurtu da. Herritar ugariri eragiten dio, baita egitasmo askori ere; herrian beste eremuetan eraikitzen ari diren hainbat tasatutako etxebizitzari, esaterako. Buruhauste ugari ari da sortzen azkenaldian, baita zeresan eta iritzi asko ere. Izan ere, Etxebeltz-Izarran eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxeen arauak baliogabe utzi zituen Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, ekonomia eta finantza txostenaren faltan. Horri helegitea aurkeztu zioten bai Azpeitiko Udalak bai Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Kontua da, ekonomia eta finantza txosten hori gabe etxebizitza horiek ez liratekeela legezkoak. Babes ofizialeko 208 etxebizitza (BOE) dira egitekoak Etxebeltz-Izarran eta horietatik 154 iazko apirilean zozkatu zituzten.

Joan den martxoaren 17an Azpeitia Lantzeneko lehendakari eta ezker abertzaleko zinegotzi Iñaki Errazkinek bilera bat deitu zuen etxejabeekin. Orduan, Etxebeltzen etxea egokitu zaienek arazoari irtenbidea emateko bi ikuspuntu, bi proposamen, jaso zituzten. Bi aukera jarri zizkieten mahai gainean: bata, Iñaki Errazkinek azaldu zien; Bestea, Julian Eizmendi alkatearena (EAJ).

EAJren irtenbidearen aukera zera litzateke: testu bateratu bat egitea, 2007ko berrikusitako arauei ekonomia eta finantza txostena gehituz.

Bestalde, ezker abertzalearen proposamena dago: Arau Ordezkatzaile berriak egitea edo daudenak berritzea, oraingoan ekonomia eta finantza txosten eta guzti.

Testu bateratua, bitarteko bide

EAJrentzat testu bateratua egitea da aukera ziurrena, bat baitatoz Gipuzkoako Foru Aldundia, Udalaren aholkulari juridikoa eta Hitzarmen Batzarra: "Babes-tresna litzateke testu hori. Arau Ordezkatzaileetan egindako aldaketei ezin zaie helegiterik aurkeztu; aldiz, testu bateratua aurkeztuta helegiteen bidea mantentzen da, eta denbora irabaziko litzateke". Era horretan, udazkenerako dena onartuta egongo litzateke, alkatearen esanetan. Baina, EAJren aukerak aurrera egingo badu, lehengo udalbatzarretik aztertu behar du eta gehiengo osoz onartu. Eta EAJk ez du gehiengo hori.

Jelkideen ustez, berriz, ezker abertzalearen aukera "arriskutsua" da, "ondorio larriak ekarri ditzakeelako". Baina, ezker abertzalearen ustez EAJk proposatutako irtenbideak ez du segurtasun juridikorik bermatzen, "Arauak ere errekurrituta daudelako".

Adostasun eske

Bitartean eta tartean, etxejabeak biltzen eta antolatzen hasita daude, lan taldeak-eta osatuz. Etxejabeek ez dute adierazpenik egin nahi izan, orain arte egindako bilerak euren artekoak izan direla esanez. Hala ere, lan taldea lanean ari dela diote: "Arazoa aztertu eta irtenbideak aukitzeko lanean ari gara, arazo honekin oso sentsibilizatuta gaudelako".

Martxoaren 17ko bilera eta gero hasi ziren biltzen Etxebeltz-Izarrako etxejabeak. Orain arte bilera bat baino gehiago egin dute, eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin bildu dira, denen ikuspegia jasotzeko asmoarekin. Taldearen helburu nagusiak bi direla diote: "Batetik, talde politikoak erabaki bat adostu dezala bermatzea. Eta bestetik, talde politikoek adostutako erabaki horrek guri gehieneko berme juridikoa eskaintzea". Irtenbideak mahai gainean daude, orain irteerarako bidea topatu beharko da; herritar guztien onerako.

Iñaki Errazkin (Azpeitia Lantzeneko lehendakaria eta Azpeitiko Udalean ezker abertzaleko zinegotzia)

"Arau Ordezkatzaile berriak egitea da irtenbidea, aurretik metodologia adostuta"

Iñaki Errazkin Azpeitia Lantzen enpresa publikoko lehendakaria da, baita Azpeitiko Udalean ezker abertzaleko zinegotzia ere. Martxoaren 17an Etxebeltz-Izarran etxea egokitu zaienekin bilera deitu zuen, Azpeitia Lantzeneko lehendakaria den aldetik. Han arazoari irtenbidea emateko beraien ustez zer egin beharko litzatekeen azaldu zien etxejabeei: 2007ko Arau Ordezkatzaileen errebisioa berriro egin edota berri bat egin, besteak beste Etxebeltz-Izarrako nabes ofizialeko etxebizitzak (BOE) legezko "berme osoa" izateko.

Zein da Azpeitia Lantzenen egitekoa Etxebeltz-Izarrako auzian?

Udalak antolaketako erabakiak, nolako izaera izango duen, oinarriak... erabakitzen ditu. Azpeitia Lantzenek, berriz, zozketak eta esleipenak kudeatzen ditu. Udalak jarritako pauten arabera, Azpeitia Lantzenek kudeatzen du gaia. Egoera normal batean Azpeitia Lantzeni egokituko litzaioke Etxebeltzen inguruan zozketak eta esleipenak egitea eta kontratuak dauzkatenekin lotura egitea. Baina bere garaian Udalaren eta Etxebeltz-Izarrako promotoraren artean hitzarmen bat egin zen eta, horren arabera, BOEn kudeaketa guztia Udalaren gain gelditu zen; Udalak, era berean, Azpeitia Lantzenen gain utzi zuen, Udalean hartutako erabaki baten bidez. Izan ere, Udalean uste zen Azpeitia Lantzenetik hori era egokiagoan kudeatuko zela, BOEz ari ginelako. Baina hortik aurrerako erabaki denak Udalaren esku egongo lirateke.

Gero, gauden egoeran egonda sortzen den zalantza honakoa da: zozketak edota kontratazioak zeinen ardura dira? Printzipioz, Udalarena da. Azpeitia Lantzenen ardura geneukan unetik BOEren zozketekin eta kontratuekin ez genuela aurrera egingo erabaki genuen, kontua onbidean edo konpontzeko bidean jarri arte behintzat. Horrek ez du esan nahi Udalak ezin dezakeenik beste erabakirik hartu, alkatetzaren bitartez; baina ez du ematen halakorik egingo duenik. Guk, Azpeitia Lantzenen ardura dugun heinean, ez dugu zozketarik eta kontrataziorik deituko. Etxebeltzeko BOEko etxejabeek ere hori eskatu zuten, kontua argitu aurretik pauso hori ez emateko.

Une honetan etxea egokitu zaien etxejabeak zein egoeratan daude?

Zozketako zerrendako ordenaren arabera jada etxea aukeratuta dute. Orain, sarrerako kontratua egin beharko lukete, etxearen balioaren %20 ordainduta. Baina hori auzitegiek emandako ebazpenek baldintzatzen dute. Gero, etxea hartzen duten unean eskriturak formalizatu beharko lituzkete. Auzitegiak ebazpena eman zuen unean sarrerako kontratazioekin hastekoak ginen.

Zuentzat irtenbidea 2007ko Arau Ordezkatzaileen errebisioa baliogabetu eta berria egitea dela azaldu diozue BOEn etxejabeei.

Baliogabetu edo berri bat egin, baina aztertu egin beharko litzateke nola egin. Auzitegiaren ebazpenak berak, maila batean, horretarako bidea ematen du. Tramite horretan azterketa bat falta da, eta ebazpenak dio horrek ezeztatu egiten duela espediente osoa, eta baliogabetu egiten du. Ebazpenak dio egoera horrek printzipioz, espedientea berriro egitea eskatzen duela. Arauen errebisioak ere arazo bera dute, azterketa ekonomiko eta finantzieroaren baliogarritasunaren ikerketu gabe dago. Arauen errebisioa ere errekurrituta dago, eta ebazpenaren zain gaude. Edozein unetan beste ebazpen bat etor liteke, eta guk uste dugu errebisioa bera ere baliogabetzat joko dutela, segur aski.

Kasu horretan, Arau Ordezkatzaileek arautzen duten guztia zintzilik geldituko litzateke. Gure ustez, berme juridikoa osoa ematea izan behar da helburua. Horretarako modu seguruena zein da? Espediente guztia berriz egitea. Izan ere, beste guztiarekin, errebisioekin, berriz auzitegiek baliogabetzeko arriskuan geundeke.

EAJk, ordea, ez du uste hori egin beharrik dagoenik arazoari konponbidea emateko..

EAJren irtenbiderako proposamena honakoa da: testu bateratu bat egin eta hor txosten ekonomiko finantzieroa gehitu eta argitaratzea da. Gu ez gaude ziur horrek arazoa konponduko duenik, Ezkio-Itsasoko kasua hor dugu adibide gisa: hango Udalak horrelako kasu baten aurrean hori egin zuen, txosten ekonomiko finantzieroa gehitu zuen, baina atzera bota zion auzitegiak. Esan ziotenez, testu bateratua ezin da onargarri egin txosten hori gehituta. Horrek esanahi du partxeo batekin ezin dela konpondu kontua. Beraz, arauen errebisioa berriro edo berria egin behar da.

Udalean gaur egun gutxiengoak eta gehiengoak daude. EAJk lehen gehiengo absolutoa zuen, eta gaur egun ez. Berme osoa eman nahi badugu espediente berri bat behar dugu, eta Udalean dagoen osaketa dago. Testu bateratua egiteak denbora emango liguke baina, gure ustez, arazoa luzatu egingo litzateke. Eta, etxejabeei zer esan behar diegu horren aurrean? Orain da unea arazori heltzeko eta txostena berriz egiteko, gauzak ondo aztertuta. Hori eginda gaur egun daukagun arazoari irtenbidea emango genioke.

Arau Ordezkatzaileak egiteak denbora bat eskatzen du eta une hauetan ados jartzea asko kostatzen ari da Udalean. Herri osoaren antolamendua arautuko duen txostena berriro egiteko zenbat denbora beharko litzateke?

Aurrekoak luze jo zuen, alderdiak berak irizpidez aldatu zuelako, eta prozesuari berriro ekin ziolako. Egia da egoera berezi batean gaudela. Bestetik, kontuan hartu behar dugu Arau Ordezkatzaileak onartu zirenetik hainbat lan egiten hasita dago; Soreasu da horietako adibide bat, egitura guztia eta garajeak eginda daude. Proiektu hori norbaitek zalantzan jarriko al luke? Ez. Baina beste poriektu batzuek agian aldatu egingo lirateke, eta beste batzuek aurrera segituko lukete. Etxebeltz-Izarraren kasuan, gu horren aurka ez ginateke joango.

Arau berriak adosteko epeak zein dira? Sei hilabetekoa, eta hortik aurrera nahi adina luza liteke. Sei hilabetez, eta gehienez urtebeteaz egin litezke Arau Ordezkatzaileak.

Baina aurretik Udaleko alderdien aldetik adostasuna lortu beharko litzatele, etxejabeei berme hori eman ahal izateko, ezta?

Bi aukera daude: alderdien artean adostasuna lortzea edo, bestela, metodologiaren aldetik adostasunera iristea.

Guk Etxebeltz-Izarrako BOEn jabeekin egindako batzarrean azaldu genuen: herri kontsultaren bitartez ere argitu daiteke kontua, baldin eta aurretik alderdiek hori errespetatzeko konpromisoa hartzen badute. Dena dela, horretan sartu aurretik alderdi guztien artean metodologia bat adosten saiatu behar dugu, denok errespetatuko duguna. Ez badugu gehiengoa ados jartzea lortzen, herri kontsulta izan daiteke erabakia hartzeko modu bat. Metodologia hori alkatetzatik ere errespetatu behar da eta, horregatik, beharrezkoa da alkatetzan dagoenarekin metodologiaren inguruko akordio ba adostea.

Hori da orain Udalean eztabaidatzen ari garena. Nahiz eta batzuek esan ez garela ari eztabaidatzen, joan den astean bertan orduak eraman genituen gai honen inguruan eztabaidan Udalean gauden ordezkarien artean.

Etxebeltz-Izarraren atzetik beste hainbat auziri irtenbidea eman nahi zaie. Koartel zaharreko etxebizitzen gaia, Enparan kalekoena, Nuarbekoak... Batzuk tasatutako etxeak dira, eta horiek eraikitzen ari dira. Gastu horri nola egingo dio aurre Udalak?

Arau Ordezkatzaileen txosten berri bat egitea da irtenbidea, aurretik denok metodologia adostuta: hasieratik bukaerara nola egingo dugun eta zein epetan egingo dugun adostuta. Orduan, ez legoke arazorik ez zozketarik egiteko ez kontrataziorik egiteko. Metodologiaren inguruko eztabaida desblokeatu behar da. Behin hori eginda, arazoari irtenbidea emango genioke.

Baina, bien bitartean, gainontzeko babestutako etxebizitzak zozkatzeko aukerarik egongo al litzateke?

Bai, hori orain ere egin liteke, baina berme juridikorik gabe ezin dugu jendea hormaren kontra jarri. Baina metodologia adostuta irtenbidea martxan egongo litzateke, eta horiekin aurrera egiteko arazorik ez legoke.

Hori bai, auzia zenbat eta gehiago luzatu, arazo ekonomiko finantziero potolo batekin aurkituko gara. Lehenbailehen eman behar zaio irtenbide bat arazorari. Udal batek ezin du funtzionatu segurtasun juridikorik gabe. Udalak herritarren bitartez erabaki behar du antolamendua.

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen prozesua

2007ko otsaila-martxoa. Etxebeltz-Izarrako Zatikako Plana onartu zuten Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 320 etxebizitza egitea onartu zuten: 208 babes ofizialekoak (BOE) eta 112 merkatu librekoak.

2008ko apirilaren 4a. Etxebeltz-Izarrako lehen faseko 154 BOE zozkatu zituzten, Kiroldegian. Orduan zozkatutako etxeetarako izena emandakoen behin betiko zerrendan 559 herritar zeuden.

2008ko ekainaren 17a. Etxebeltz-Izarran zozkatzeko falta diren 54 BOEren baldintzak onartu zituen Udalbatzak. Lehen fasean zozkatutako 154 BOEren baldintzekin alderatuz, bigarrengo fasean bi aldaketa ekarri zituztenz erroldatutako epeari eta guraso bakarreko familiei zegozkienak.

2008ko abenduaren 19a. Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenaren arabera, Etxebeltz-Izarra, Alde Zaharra, Soreasu eta Julian Elorza hiribideari dagokien arau ordezkatzaileen aldaketa baliogabetuta gelditu zen.

2008ko abenduaren 24a. EAEko Auzitegi Nagusiak Etxebeltz-Izarrako etxeen inguruko epaia eman eta gero, han egitekoak diren 54 etxebizitzaren 2009ko zozketa bertan behera utzi zuen Udalak, urtarrilaren 9rako iragarrita zegoen hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak ebazpenari helegitea jarri zioten.

2009ko martxoaren 17a. Azpeitia Lantzeneko lehendakari Iñaki Errazkinek bilera zabala deitu zuen Betharramen, Etxebeltz-Izarran BOE egokitu zaienekin.

2009ko martxoa-apirila. Etxebeltz-Izarran BOE bat egokitu zaien herritar talde bat biltzen hasi zen. Ordutik, Udalean ordezkaritza duten alderdiekin bildu da, eta elkarrizketen berri sortu duten blogean eman du: etxebeltzizarra.blogspot.com

2009ko apirilaren 22a. Leku Eder SA promotorak, erregistroan Etxebeltz-Izarrari dagokion txostenean gaur egun zein egoeratan dagoen jasotzeko eskatu zuen, baina Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Lehen Epaitegiak promotoraren eskaera atzera bota zuen.

2009ko apirilaren 23a. Leku Eder SAk Etxebeltz-Izarrako proiektua baliogabetzeko eskatuta zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen eskaera, Etxebeltz-Izarrako plan partzialaren proiektua legearen arabera eginda dagoela esanaz; hau da, antolamendu zuzena duela ebazti zuen auzitegiak.