Azpetiko Gazte Asanbladak EAJren jarrera salatu du Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen inguruan

Uztarria.eus 2009ko mai. 4a, 14:05
Gaur (astelehena) eman diete gazteek hasiera 2009ko Gazte Asteari. Goizeko hamaiketan bota dute txupinazoa Karasusanetik eta 'Etxebizitza politika berria' lemadun pankarta eskegi dute bertan.

Asanbladako kideen ustez, ehunka azpeitiarren amets eta sentimenduen gainetik interes politikoak jarri dituzte

Bestetik, gaur (astelehena) goizean bota dute Gazte Asteari hasiera eman dion txupinazoa

Azpeitiko Gazte Asanbladak adierazi duenez, "gure harridura eta haserrea azaldu nahi dugu EAJk Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen inguruan egindako adierazpenak direla-eta. Orain besteen laguntza eskatzen dute egoera honen aurrean, beti beraiek entzungor egin izan dutenean herriak esaten duenaren aurrean". Asanbladako kideen ustez, ehunka azpeitiarren amets eta sentimenduen gainetik interes politikoak jarri dituzte, "eta hori agerian geratu da beraiena bakarrik den proiektu partidista eta elektoralista auzitegietara iritsi denean izaten ari diren jarreran".

Herriko hainbat eragile sozial eta alderdi politiko hasieratik proiektuaren aurka agertu zirela gogoratu nahi izan dute, "gure ustez arazoa ez zuelako konpontzen lagunduko etxebizitza gehiago eraikitzeak. Lurra mugitzen korrika eta presaka hasi ziren udal hauteskundeetan boto gehiago lortu asmoz. Orain, arazoak jarraitu egingo duela iruditzen zaigu, alkateak ez baitie jabeei zehazten nola bukatuko den".

Asanbladako gazteen arabera, harriduraz hartu dute "EAJk etxebizitzaren arazoa arazo soziala dela esateak". Azpeitian, "EAJ da arazo horren erantzule nagusia, urteetan etxebizitza politika interesatua bultzatzeagatik". Horren harira, gazteek "etxebizitza duin baten alde bizi ahal izateko" eman beharreko pausoak zehaztea denon ardura dela uste dute. "Eztabaidatzeko prest badaude, eragile denekin eta arazo guztiez hitz egin beharko dute. Gu prest gaude antolatzen eta borrokatzen jarraitzeko, hitz egitea lortu arte".

Gazte Astea martxan

Antolatu eta borrokatu da hain zuzen Gazte Asanbladak antolatu duen eta gaur, astelehena, hasi den Gazte Astearen leloa. Goizeko hamaiketan bota dute txupinazoa Karasusanetik, asteari hasiera emanez, eta arratsaldean bizikleta eta kotxe karabana egingo dute, plazatik abiatuta, 18:30ean.