Xoxote bideko ateko sarraila datorren astelehenean aldatuko dute

Uztarria.eus 2009ko api. 30a, 11:04

Giltza jaso ez duenak udaletxera joan behar du, bestela "astelehenetik aurrera atea zabaldu ezinda geldituko dira"

Xoxoteko pista bidea behar dutenean soilik erabiltzea eskatu dute Udaletik

Azpeitiko Udalak maiatzaren 4an aldatuko du Xoxoteko bideko ateko sarraila, eta ordutik aurrera giltza berria duenak soilik erabili ahal izango du. Xoxoteko langako giltzari erabilera "okerra" ematen zitzaiolako, giltza aldatzea erabaki zuen Udalak joan den urtean. Giltza berria behar zutenek eskaera egin zezaten epe bat zabaldu zuen eta udaletxean eskaera guztiak jaso ondoren, irizpide batzuk jarraituz giltza emango zitzaienen behin-behineko zerrenda osatu zuen.

Giltza berria emateko baimenak ema dituzte, eta gehienak banatuta badaude ere, oraindik bakarren batzuk giltza jasotzera joan ez direla adierazi dute udaletxetik. Horiek lehenbailehen joan beharko dute giltza jasotzera, "astelehenetik aurrera atea zabaldu ezinda geldituko baitira".

Xoxoteko pistari erabilera egokia ematea nahi du Udalak. Xoxoteko pista bidea behar dutenean soilik erabiltzea eskatu dute Udaletik, "batik bat asteburuetan, mendia eta bere inguruak autoz betetzea ez baita egokia ez ingurumenarentzat e zeta mendiaren beraren izaerarentzat".