Etxebeltzeko auzia konpontzeko akordio politikoa beharrezkoa izango dela dio EAJk

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 25a, 13:04
Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarrekoak atzo prentsaurrekoan

Babes ofizialeko etxebizitzen kontua "lehentasunezko eta premiazko gaia" dela esan du Azpeitiko EAJk

Konponbide azkar bat lortzeko modua badagoela esan du EAJk, baina horretarako oposizioaren aldetik akordioa lortzeko "benetako borondatea" behar dela nabarmendu du

Etxebeltz-Izarrako Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) gaur egungo egoerari "tramite soil batek" amaiera emango liokeela adierazi du Azpeitiko EAJk. Baina horrek aurretik "gaur egun ematen ez den akordio politikoa" lortzea eskatzen duela nabarmendu dute. Konponbidea lortzeko, Udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiekin biltzen jardun duela eta jarraituko duela nabarmendu du alderdi jeltzaleak. Dena dela, ez dute zehaztu tramite soil hori zein izango litzatekeen.

Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarra oposizioko hiru alderdi politikoekin batera hitz egiten saiatu dela azaldu du EAJk, baina "banaka bakarrik" lortu du hitz egitea. Hala ere, ahalegin horretan jarraitzeko asmoa azaldu du, "beharrezko" ikusten duelako elkarrizketa bideak irekitzea, "Etxebeltz- Izarrako Babes Ofizialeko Etxebizitzen lanek jarraituko dutela bermatzeko irtenbide bat elkarrekin eztabaidatu eta aurkitzeko". EAJren arabera, "lehentasunezko" eta "premia handikoa" gaia da, "benetako eta behin betiko erantzuna emateko ehunka laguni, gehienak herriko gazteak".

Eztabaidatzeko prest

Konponbide azkar bat lortzeko modua badagoela esan du EAJk, baina horretarako oposizioaren aldetik akordioa lortzeko "benetako borondatea" behar dela nabarmendu du. EAJ prest azaldu da, beste hainbat gairen artean Arau Ordezkatzaileen gainean egon daitezkeen ikuspegi diferenteak idatziz jarri eta eztabaidatzeko. Horrez gainera, alderdi jeltzalea Etxebeltz-Izarran etxebizitza egokitu zaienen proposamenak jasotzeko prest dago. Eztabaida bultzatu eta akordioa gauzatzeko bidean, Udaleko kideek eta lau alderdi politikoetako kideek osatutako mahai bat sortzea ere proposatu dute.

Arazo soziala

Azpeitiko alderdi jeltzaleko arduradunen ustez, Etxebeltz-Izarrako BOEen gaiak "gestio hutsaren mugak eta muga politikoak gainditzen ditu". Diotenez, herritar zehatzen eta gizarte osoaren arazo bihurtu baita etxebizitzaren gaia. "Etxebeltz-Izarrako BOEn inguruko arazoak, etxebizitza horietan izena emanda duten ehunka gazteri eta haien familiei eragiten die". Etxebizitza horiek pertsona horien etorkizunari, eta etorkizunera begira dituzten itxaropenei lotuta daudela diote. Hori dela eta, pertsona horiengan sortutako "etsipenarekin" bat egiten dutela dio EAJk.

Entzungor egitea ezin ulertu

EAJkoek gaur egun oposizioan dauden hiru alderdiek (ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek) gobernuan egondakoan egindakoa kritikatu dute: "Babes ofizialeko etxebizitzen proiektua onartu zenetik bi urte igaro direnean, eta gaur egun oposizioan dauden hiru alderdi politikoak elkarrekin gobernuan 19 hilabetean aritu ondoren, irtenbide erraza izan dezakeen kontua izangatik ere BOEak egiteko lanak bertan behera gelditzeko arriskuaren aurrean aurkitzen gara". EAJk dioenez, egoera horri bukaera tramite soil batek emango lioke, baina aurretik akordio politiko bat eskatzen du. "Hori izan da Udalbatza osatzen duten gainerako alderdi politiko guztiekin bilerak lehenbailehen egin nahi izatera bultzatu gaituena".

Egoera horrela egonda, EAJk egindako deiari gainontzeko alderdiek "entzungor" egitea eta "kanpoko argia eta Azpeitiko errealitate soziala ikusi gabe bere itxitasun eta hermetismoan jarraitzea" ez luketela ulertuko esan dute. Ehunka azpeitiarren "amets eta sentimenduen gainetik" interes politikoak jartzea ez luketela ulertuko esan dute "ezta ere, itxitasun horrengatik berorrengatik EAJri bere botoa emanaz Etxebeltz-Izarrako BOEn proiektuari onarpena eman zioten milaka azpeitiarrei, gehiengoari esateko, bizkar ematea".

Zentsura mozioaren hipotesia

Azkenaldian oposizioko alderdiek EAJren "aurkako fronte jarrera" hartu duela salatu dute alderdi jeltzalekoek. Oposizioko alderdien portaera hori, "atzetik egoera modu jasanezin batean mantentzeko blokeo instituzional baten estrategia badute bakarrik uler daiteke, ulertzekotan" . EAJkoen ustez, behin egoera horretara iritsita eta "salbatzaile moduan" zentsura mozio bat aurkezteko asmoa egongo litzateke, "berriro alkatetza berreskuratzeko saioa eginez". Oposizioko alderdiek erakusten duten jarrerak "egunetik egunera indartzen du" zentsura mozioaren hipotesia.