Larunbatean amaituko da Gazumeko zentral eolikoaren aurka helegiteak aurkezteko epea

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 22a, 11:04
Ernio magalean dago Gazume, Errezil, Azpeitia eta Asteasuko lurretan.

Errezilgo Udala eta beste zenbait talde proiektuaren aurka agertu dira eta helegiteak aurkeztu dituzte jada

Gazumeko parke eolikoa Azpeitia, Errezil eta Asteasu arteko lurretan kokatzen da

Azkeneko albistea (hilak 24, 11:13): Gazumeko parke eolikoaren kontrako taldea sortzeko bilera astelehenean (apirilak 27) izango da

Larunbat honetan amaituko da Gazumeko parke eolikoa garatzeko proiektuari helegiteak aurkezteko hilabeteko epea, joan den martxoaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean azaldutakoaren arabera. Gazumeko parke eolikoa Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Haize Energiaren Sektoreko Lurralde Planaren (SLP) barruan hitzartutako 15 parke eolikoetako bat da eta Azpeitia, Errezil eta Asteasu arteko lurretan kokatzen da. 2008ko apirilan Eusko Jaurlaritzak Orisol Corporación Energética SA enpresari esleitu zion parke eolikoaren proiektua, baina 2003an SLPa eta Gazumeko parke eolikoaren proiektua aurkeztu zuenetik, hainbat eztabaida eta aurkako jarrera eragin ditu.

Aurkariak han-hemenka

Herri mugimenduak emandako bultzadaren ondoren, Errezilgo Udalak, adibidez, aho batez eman zion ezezkoa proiektuari eta gaur egun erabat aurka dago; Errezilgo alkate Iñaki Oiartzabalek adierazi duenez, "lehengo ostiralean jaso genuen ingurugiro txostena eta hilabete du orain Udalak txosten horren gaineko helegiteak aurkezteko". Oiartzabalek berak proiektua geldiarazteko "itxaropen pixkat" baduela onartu du, "herritarren artean, ordea, sumatzen da etsipen apur bat". SLParen aurka joatea "zaila" dela dio Oiartzabalek, arrazoi pisutsuak eta ongi formulatuak behar direlako.

Udalak herri batzarra deitu du biharko argibideak emateko eta herritarren zalantzak argitzeko. 21:00etan Borondegin izango da hitzordua.

Errezilgo Udalaz eta herriaz gain, beste zenbait talde ere proiektuaren aurka agertu da. Aralar alderdi politikoak adibidez, Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu Karlos Ormazabali Foru Aldundiak proiektuarekiko duen jarrera Batzar Orokorretan agertzeko eskatu dio. Aralarko batzarkide Rebeka Uberak adierazi duenez, alderdiak energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du, baina beti ere instalazioak hiritartutako tokietan eginez gero eta ez "intereseko toki naturaletan eta babes berezia behar dutenetan". Izan ere, parke hau Europa mailako Natura 2000 Sare ekologikoak Babestutako Gune Naturalen baitan onartutako lurretan dago .

Donostiako SEO/Birdlife talde ekologistak, Eguzki eta Club Vasco de Camping eta inguruko mendi taldeen laguntzarekin (Lagun Onak barne), sinadura bilketa eta helegiteak aurkezteko erraztasunak eman nahi ditu. Horretarako, http://gazume.blogspot.com webgunea sortu du proiektuari buruzko informazioa hedatzeko. Larunbatean, gainera, helegitea sinatzeko mahaia ipiniko dute Donostiako Boulevarrean 17:45etik 19:00etara.

Azkeneko albistea (hilak 24, 11:13): Gazumeko parke eolikoaren kontrako taldea sortzeko bilera egingo dute. Astelehenean (apirilak 27) izango da, iluntzeko bederatzietan, Errezilgo Borondegi Kultur Etxean.