Etxebeltzen etxea egokitu zaienek "bilera zabala" deitu dute ostegunerako

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko api. 21a, 12:04

Alderdi politikoetako ordezkariekin bilerak egin dituzte eta haiek esandakoa azalduko dute

Egungo egoeraren aurrean eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehazten saiatuko dira

Etxebeltz-Izarrako lur eremuan egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzetan dauden arazoak argitzeko helburuarekin, etxebizitza egokitu zaienen taldetxo bat biltzen ari da, euren egoera argitzeko asmoarekin. Orain arte bilera batzuk egin dituzte eta ostegunean, etzi, bilera zabala deitu dute, 19:00etan, Betharrametan. Batzarra deitu dutenek azaldu dutenez, "egun dugun egoeraren inguruko bilera informatiboa izango da". 2008 abenduan EAEko Auzitegi Nagusiak Etxebeltz-Izarrako, Soreasuko eta koarteletako hirigintza planak baliogabetu zituen eta horregatik hartu dute biltzeko erabakia.

Egoerari irtenbidea eman nahian eta zer egin dezaketen aztertzeko bildu den taldea herriko alderdi politikoetako ordezkariekin bildu da eta "alderdietakoek adierazitakoaren berri bileran azalduko dugu. Horrez gainera, kaltetuok, guztion artean egungo egoeraren aurrean eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehazten ere saiatuko gara".

Bilerara joan nahi duenak, helbidea eta posta elektronikoa eman beharko ditu. Informazio gehiago etxebeltzizarra.blogspot.com webgunean aurkitu daiteke eta bileraren antolatzaileekin harremanetan jartzeko, berriz, etxebeltzizarra@gmail.com helbide elektronikoan egin daiteke.