Jendetzak esan dio agur Joxe Lizasori

Uztarria.com, Berria.info 2009ko api. 2a, 22:04
Joxe Lizasoren semeak-eta haren hilkutxarekin, gaur, Azpeitiko eliz atarian, 19:20an.

Elizkizunean Azpillagak, Garmendiak, Euzkitzek, Gorrotxategik, Urangak eta Egañak bertsoak kantatu dituzte haren omenez, eta Xebaxtian Lizasok ere bota du

Atzo hil zen, 82 urte zituela; 60 urte pasa egin zituen plazan

Ikusi Lizasoz egindako bideoa

Jendetzak esan dio agur Joxe Lizasori gaur (osteguna), Azpeitian. Goizetik beilategira hainbat eta hainbat lagun joan dira, eta 19:30etik aurrera bertsolariaren aldeko hileta elizkizuna egin dute parrokian. Joxe Lizaso atzo hil zen, 82 urte zituela. 60 urte pasa egin zituen bertsotan plazaz plaza.

Elizkizunaren aurretik eliz atarian zeuden, besteak beste, Imanol Lazkano, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, Jokin Uranga, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Jon Lopategi, Jose Luis Gorrotxategi, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Amuriza, Jon Azpillaga, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Millan Telleria, Sustrai Colina, Jokin Sorozabal, Gregorio Larrañaga 'Mañukorta', Iñigo Manzisidor Mantxi, Leire Ostolaza, Mikel Mendizabal, Iker Zubeldia, Haritz Etxeberria Ministro, Aitor Sarriegi... bertsolariak. Koldo Tapia, Saroi Jauregi edota Laxaro Azkune bertso munduko kideak, Juan Mari Arzak sukaldaria eta Rafa Larreina EAko zuzendaritzakidea ere han ziren, besteren artean. Eliz barrua 19:15erako beteta zegoen.

Meza bukatzear zela hildakoaren omenez bertsoak abestu dituzte Azpillagak, Garmendiak, Euzkitzek, Gorrotxategik, Urangak eta Egañak, eta Joxeren seme Xebaxtian Lizaso ere animatu da. Jendeak txalo zaparrada jo du Xebaxtianek bukatzean. Eliz atarian bi dantzarik aurreskua dantzatu dute hilkutxaren aurrean.

Ondoren, 21:05 aldera, Korrika 16k omenaldia egin dio Lizasori, euskararen aldeko lasterketa Azpeitira iristen denean. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bertsolariaren omenez lekukoa eraman du.

Lizaso erraustu egingo dute eta hurrengo egunetan Txillarramendi auzoan botako dituzte hautsak.