Nabarraldeko Azpeitiarrak Taldeak Azpeitia bizirik plataforma aurkeztu du

Uztarria.eus 2009ko mar. 31a, 12:03
Nabarraldeko Azpeitiarrak taldeak larunbatean aurkeztu zuen plataforma berria.

Azpeitiaren 700. urteurrenaren harira sortu dute plataforma

Ekimen horrekin urteurrenaren kokapena argitzen lagundu nahi dute, eta horren aldeko atxikimenduak lortu

Azpeitiak bere sorreraren 700. urteurrena beteko du 2010ean, eta "urteurrena kokatzeko" asmoarekin, Nabarraldeko Azpeitiarrak taldeak Azpeitia bizirik plataforma aurkeztu du. Ekimen horrek "datorren 700. urteurrenaren kokapena argitzen lagundu nahi du eta horren alde dauedenen atxikimenduak lortu".

"Azpeitiko 700. eta Nafarroako 500. urteurreneko eztabaida eta XXI.mendeko euskal gizartearen nahien eztabaida lotuta daude", adierazi zuten plataformako kideek, "historiako pasarte bat baino zerbait gehiago dira".

Datorren urteko urteurrena kokatzeko, herriaren egoera duela 700 urte aztertu nahi izan dute. "Azpeitia 1310. urtean baino askoz aurretik bazen. Aspalditik zuen bere izaeraren kontzientzia. 1200ean Gaztelako erregeak gerraz inbaditu zituen Nafarroako erresuma osatzen zuten hainbat lurralde, tartean Gipuzkoa".

Historia "faltsifikatzeko" egiten diren ahaleginen aurrean, gauzak bere lekuan jartzeko aukera bikaina dutela uste dute plataformakoek. Horregatik, urteurrena gertaera historiko bat dela mantentzen dute, baina ez ospakizuna, herria ez zelako duela 700 urte sortu. "Hainbeste indarkeri sufritu arren Azpeitiak bere herri identitarearen haria etenik gabe gordetzen du. Gertatutakoa gogoan izan nahi dugu oraingo gertaerak ulertu eta aurrera begira egoki erabakitzeko", adierazi zuten Nabarraldeko Azpeitiarrak taldekoek.

Atxikimenduak

Nabarraldeko Azpeitiarrak taldearen lehenengo ekimena plataforma osatzea izan da. Horrez gain, urtean zehar solasaldiak antolatzeko asmoa ere badute, herriko jendearen iritziak biltzeko asmoarekin.

Nabarraldeko Azpeitiarrak taldeak bultzatutako ekintzei atxikimendua emateko, Agirre dendan egongo diren orriak bete beharko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, Internet bidez ere atximinendua emateko aukera egongo da: www.uztarria.com webgunean laster martxan egongo den 1310-2010 blogean edo www.nabarralde.com webgunean 1512-2012 izeneko blogean eman daiteke izena.

Herriko hainbat pertsonek atxikimendua eman dute dagoeneko. Horien artean daude, besteak beste, Julian Bereziartua, Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Txetxu Urbieta, Miren Garmendia, Juan Inazio Azkue, Pako Aristi, IƱigo Agirre, Pili Arrospide, Sebastian Lizaso, Rosa Borda eta Kontxu Odriozola.