Herri mugimenduak erabakiguneetan egon behar duela aldarrikatu dute

Urola Kostako Hitza, uztarria.com | Besterik
2009ko mar. 31a, 10:03

Hogeita lau herritar ezagunek agiri bat aurkeztu zuten atzo (astelehena), herria "bizitzen eta aberasten" joateko helburuarekin

Herritar taldeak "marka politikoa" aldatu arren ezin dela parte-hartzean "atzera egin" adierazi dio Udalari

Agiria 24 herritarrek sinatu dute, guztiak ere "herriko taldeetan eta elkarteetan lanean aritakoak edo ari direnak".  Argazki originala

"Azpeitian gertatu den Udal Gobernu aldaketarekin kezkatuta" agertu ziren atzo (astelehena) Azpeitiko 24 herritar, guztiak ere herriko talde eta elkarteetan lanean aritutakoak eta ari direnak. "Herri mugimendua ezinbestekoa da erabakiguneetan, eta azken urtebetean Udalaren aldetik herri mugimenduari aitortza justua egiten hasia zitzaion", dio atzo Enparan Dorretxean irakurri zuten agiriak.

Besteak beste, Mikel Labaka Realeko jokalaria eta Kirol Mahaiko kidea, Alaitz Olaizola antzerkilaria eta Laxaro Azkune Uztarria Kultur Koordinakundeko kide ohia agertu ziren prentsaren aurrera, gainontzeko sinatzaileak atzean zituztela.

Mikel Arregi Uztarriako kide ohiak irakurri zuen agiria, eta "Azpeitia bizi eta parte-hartzailearen alde herri mugimendua protagonista" izan behar dela esan zuen , "Udalaren parte-hartzearekin" batera: "Azpeitia hobe bat eraikitzen joan nahi badugu, batzen gaituen horretan bat egitea behar-beharrezkoa da. Hala, azken urtebetean bezala, beharrezko jotzen dugu herri mugimenduak eta udal ordezkariek uztarri beretik lotuta jardutea aurrerantzean".

Bide horretatik, azken hilabeteotan herrian martxan jarri diren arloz arloko mahaien garrantzia azpimarratu zuten: "Ezin diegu arloz arloko mahaiei hiltzen utzi". Agiria sinatu dutenen ustez, mahai horiek "herriaren norabideaz pentsatu, eztabaidatu eta erabakitzeko guneak" dira, herriko eragileek, norbanakoek eta Udalak osatutakoak.

Aurrerantzean mahaietan lanean jarraituko dutela esan zuten, eta "agiriak jasotzen duen filosofia" mahai horietan berma dadin lan egingo dutela nabarmendu zuten.

Sinatzaileak

Agiria sinatu dutenak honako hauek dira:

Laxaro Azkune. Uztarriako kide ohia.

Jose Luis Otamendi. Kultur Mahaiko kidea.

Gari Mendiola. Kultur Mahaiko kidea.

Aitor Bengoetxea. Kultur Mahaiko kidea.

Alaitz Olaizola. Antzerkigilea.

Mikel Arregi. Uztarriako kide ohia.

Dorleta Odriozola. Euskara Mahaiko kidea.

Ainara Betegi. EHEko kidea.

Eneritz Mendiola. EHEko kidea.

Rosa Urkizu. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako gurasoa .

Iban Arregi. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako gurasoa.

Juainazio Azkue. Urola Ikastolako irakaslea.

Joxin Iturriotz. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko langilea.

Mikel Labaka. Kirol Mahaiko kidea.

Aitor Zulaika. Kirola.

Inigo Orbegozo. Kirola.

Joseba Lizarralde. Kirol Mahaiko kidea.

Susana Garate. Emakume Mahaiko kidea.

Leire Etxaniz. Emakume Mahaiko kidea.

Haizea Egiguren. Bilgune Feministako kidea.

Asier Aranbarri. Baserritarra.

Eneka Urbieta. Gazte mugimenduko kidea.

Nekane Nazabal. Gazte mugimenduko kidea.

Mailo Oiartzabal. Urrestilla Herri Batzordeko kidea.

Agiria osorik

Azpeitia bizi eta parte-hartzailearen alde

"Gaur hemen bildu garenak Azpeitian talde eta elkarte ezberdinetan lanean ari garen eta aritu garen herritarrak gara, eta ez dugu ezkutatuko: Azpeitian bizi dugun egoera politiko nahasiarekin kezkatuta gaude, Azpeitian gertatu den udal gobernu aldaketarekin kezkatuta.

Gure ustez, herri mugimendua ezinbestekoa da erabakiguneetan, eta azken urtebetean Udalaren aldetik herri mugimenduari aitortza justua egiten hasia zitzaion, dagokion errekonozimendua eta garrantzia ematen hasia zitzaion. Izan ere, Udalak herri ekimenak bultzatu eta txalotu egin behar lituzke zapuztu ordez, herri bizi eta parte-hartzaileak behar duen bezala.

Hala, norabide horretan Udal Gobernu aldaketarekin eman daitezkeen atzerapausoen aurrean zera esan nahi dugu:

-1. Herri bat ez da Udaletik bakarrik eraikitzen. Udalak badu ezinbesteko funtzioa, noski. Baina Udalaz gain, egunerokoan lanean ari den norbanako, elkarte, talde eta mugimenduen ekarpena ezinbestekoa da. Herritarren artean antolatutako mugimendurik gabe, herria hilda legoke. Zer litzateke Azpeitia kultur talderik gabe, euskalgintzarik gabe, emakume mugimendurik gabe, kirol talderik gabe, eta ezein kolore izanda, herri honen alde lanean ari den bilgune hori gabe? Zer litzateke Azpeitia, lau urtean behin botoa emateaz gain, herri honen alde egunerokoan lanean ari den norbanako hori gabe? Ezinbesteko ekarpen hau aitortzea beharrezkoa da.

-2. Udalaren momentuko marka politikoaren eta unean uneko egoera politikoen gainetik, hemen azaldu garenok herri mugimenduan eta bere pluraltasunean sinesten dugu batik bat. Alegia, guretzat herri mugimendua ezinbesteko tresna da herri hau sektore guztietan garatzeko eta hobetzeko; herri mugimendua behar-beharrezkoa da Azpeitia bizitzen eta aberasten joateko.

-3. Udalak pauso eraginkorrak eman ditu azken urteotan herri mugimenduari dagokion garrantzia aitortzeko orduan. Herriko eragileei garrantzia eta protagonismoa aitortuta, Azpeitiak irabazi egin du azken urteotan. Arloz-arloko mahaiak eragileen arteko bilgune izateaz gain, herriaren norabidearentzat garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko toki bilakatu dira. Kultur eragileek herri honen kultur azpiegiturei buruzko erabakietan parte hartu dezaketela sineste dute, esaterako. Eta gainontzeko arloetan berdin.

-4. Orain Udal Gobernu berria dugu. Eta guk argi dugu: Udal Gobernuaren marka politikoa bata edo bestea izan, ezin dugu egindako bidean atzera egin; gu saiatuko gara horrela izan ez dadin. Herri honentzat kaltegarria litzateke. Ezin diegu arloz-arloko mahaiei hiltzen utzi. Eta horretarako ezinbestekoa da euren izaera onartzea: arlo bakoitzeko eragile kolektibo eta indibidualez osatutako bilguneak; noski, Udalaren parte-hartzea ere ezinbestekoa duten bilguneak; herriaren norabideaz pentsatu, eztabaidatu eta erabakitzeko guneak.

-5. Azpeitia hobe bat eraikitzen joan nahi badugu, batzen gaituen horretan bat egitea behar-beharrezkoa da gure ustez. Hala, azken urtebetean bezala, beharrezko jotzen dugu herri mugimenduak eta udal ordezkariek uztarri beretik lotuta jardutea aurrerantzean ere, alderdi interesak alde batera utzita, eta herriko eragileei dagokien garrantzia aitortuta".

Prentsaurrekoa ikusteko klikatu hemen

Bidali:  

Erantzunak

Mendi | 2009-03-31 : 15:03

KOLOREEI buruz ari zeratela, nik hemen denak kolore berekoak ikusten ditut. Zergaitik ote ?
Denok dakigu oraingo hauek zergaitik dauden udalean agintean.
Abenduak 3an orain bezela zuek denok eta beste batzuek zerbait siñatu izan bazenute, egun hortan gertaturikoaren AURKA, AGIAN zuen gustoko Udala izaten jarraituko zenuteke, baiña noski "horrek ez zuen lagunduko herri hau hobetzen"....JAJAJA

kolore | 2009-03-31 : 17:03

Zergatik ote? Horixe diot nik ere, Mendi. "Kolore" eta etiketa kontuan jantziak gaude denok ere herri honetan, baina koloreak ikusi eta etiketak jarri, ez ote ditugu egiten (den-denok) soinean daramatzagun "antiajuen" arabera? Ze, zer nahi duzu ba esatea, argazki horretan "denak kolore berekoak" ikusten dituzula esatea errazegia iruditzen zait; zuk hartu duzu zure pintura potea, eta benga!
Eta abenduaren 3an, aurretik edo ondoren, zeinek zer sinatu, egin edo egiteari utzi zion ere erabaki duzu zuk, baita hor dauden denek zein udal luketen "gustoko" ere, egundoko barregurea ematen dizu gainera... Zenbat epaile frustratu dagoen bazterretan, redio!
Eta agiriaren edukiaz, zer? Ah, klaro, barkatu, zure ustez (uste okerra, neuk esaten dizut) "kolore bakarrarekin" idatzi dutenez, munduko arrazoi guztia izanda ere (eta ez dut esan nahi derrigor ondo iruditu behar zaizunik), zuri bost.
Txuri vs beltz-en partez grisak asko estimatzen dituen bat.

lekim | 2009-03-31 : 18:03

mendikin 100% ados

txikia | 2009-03-31 : 18:03

Mendi, zer zea, daltonikue?

Mendi | 2009-03-31 : 18:03

Kolore, antiojo eta kolore grisei buruz.
Nik ere nahiago duk grisa txuri edo beltza baino, baina nire uste apalean horko ia gehienek ez dute grisetik asko, eta jakina beti antiojo berdinetatik ikusten dutela, hau da "atxebero" antiojotatik.

oba | 2009-03-31 : 21:03

Hori da obsesiyueabenduen 3ko gertaerie dala ta. Gertaudanan irakurketa egokiye eion ber da, halare batzuntzat ezta nahikue izengo. Soluziyo bidiek topatzen jutie beti dao ondo, ta emanber hemen soluziyo bide bakarra ta aurrenekue burruka armaue gelditzie dala, baino beste bidiek modu paraleluen lantzie beti dao ondo. Soluziyue elkarrizketatik etorrikoala danok dakeu garbi, baino elkarrizketa oinarriyeke landu ein berdie, parte danetatik.

nekane | 2009-03-31 : 23:03

PNVk ez du argi azaldu zer egin nahi duen parte hartzeko mahaiekin, eta bitartean oztopoak jartzen ari da.
Nire ustez, hankasartze galanta litzateke, mahaiak usteltzen uztea.

nekane | 2009-03-31 : 23:03

Herriko talde ta elkarte desberdinek egiten duten lana goraipatzekoa da.
Parte hartze mahaiekin oso bide eraginkorra ireki zuen udalak. Herriko elkarteen beharrei erantzun behar zaie, irekitako bidean atzerapausorik eman gabe!

Igor | 2009-04-01 : 08:04

Nire ustez, herri mugimenduak garrantzitsuak dira.
Udal batek bere proiektuak, aurrekontuak, lanak prestatzerakoan herri mugimenduekin kontatu behar du.
Ala ere, erabakia udalak hartu behar du, udalaren konposizioak erakusten bait du herritarren nahia (ez bada ilegalizazio arazorik tartean).
Herri mugimenduak organu kontsultiboak izan behar dira eta ez dute erabakitzeko ahalmenik eduki behar, iñork ez bait dio botere eta ordezkatze balio hori eman.

Norah | 2009-04-01 : 08:04

Mendik idatzi duenari erantzunez, hasteko: hor kolore bat baino gehiago dagoela ikusi nahi ez duenak, allakuidaus! Baina zure nahiak itsutu egiten zaitu.
Bestetik, testuaren edukiari dagokionez, bistan da urteetako lanaren ondoren ia herri guztiak bat egiten duela hor esaten denarekin. Duela hamar urte utopia bat zen herri mugimendua erabakiguneetan egotea, mahaien funtzionamendua irekia eta zintzoa izatea. Urteetan herri mugimenduak lan handia egin du aitortua izan dadin, eta PNV bera behartua egon zen Kultura Mahaia sortzera, adibidez.
Baina PNVren Kultura Mahai hura marketin hutsa izan zen, itxura hutsa. PNV informazioa eman eta jasotzera mugatzen zen (Aitor Gorrotxategi zen orduan zinegotzia), eta erabakiak ez ziren ezta kontsultatu ere egiten (aholku batzordea ere ez zen hura).
EAk, Aralarrek eta ANVk pauso bat eman dute partehartzearen alde, eta orain PNVk dilema zaila dauka: jendeari parte hartzea gustatzen zaio, iritzi batekoa edo bestekoa izan. Eta parte hartze horri mugak jartzen hasten bada, baita bere kolorekoak ere kontra izango ditu laster. Bestetik, partehartzeari ateak irekitzen badizkio, politikagintza zaildu egiten da, jakina, baina askoz ere aberatsagoa da. Boterea zabaldu egiten da, eta, beraz, PNVk boterea galtzen du, baina herria da irabazten duena.

kolore | 2009-04-01 : 09:04

Bueno, Mendi. Ikusten dut graduazioa pixkat behintzat aldatu zaizula, ezta? Hasieran "denak kolore berekoak" ikusten zenituen lekuan, orain "ia gehienek" dute antza kolore bera. Eta gora Erromako zubiye, "(h)atxeberoek" ere beraien antiojo ta guzti ikus dezaten!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu