Xabier Etxeberria presoa Espainiaratzeko euroagindua eman dute

Berria.info, uztarria.com 2009ko mar. 31a, 13:03
Xabier Etxeberria, Mureten.

Frantziako Justiziak aztertu egingo du Espainiakoaren eskaera

Muretetik Seyssesko espetxera eraman dute gaur

Gaur (martxoak 31) bukatu zaio Xabier Etxeberria Txapi azpeitiar presoari Frantziako Justiziak jarri zion zigorra, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak hura Espainiaratzeko eskatu zuen atzo arratsean bertan —eskaera egiteko epea bukatzear zela—, eta datozen asteetan hori aztertzekoa da Frantziako Justizia.

Mureten (Frantzia) zegoen preso Etxeberria. Atzo, astelehena, 17:00etan dei guztiak moztu zizkioten eta gaur 5:00etan espetxetik aterako zutela esan zioten. Gaur goizean Mureteko espetxetik atera dute eta Seyssesko espetxera eraman dute, espetxe prebentibora.

Hamalau lagun joan dira Muretera, hari elkartasuna adieraztera eta egoera salatzera. Azpeitira bueltan dira. Presoaren egoeraren berri emateko gaurko herri batzarra deitu dute; 19:30etik aurrera izango da, Azpeitiko plazan.

Martxoaren 3tik gose greban dago Etxeberria, Espainiako Estatura kanporatua izateko arriskuagatik. Senideek ez dakite protesta utzia duen edo ez.

Lehengo astean Azpeitiko Udalak kezka agertu zuen. Ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren aldeko botoekin onartu zuten mozioa, herrikideak Espainiako Estatuan "torturatua izateko arriskua duelako". EAJk —alkatetzan dago— aurka bozkatu zuen.

Duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bourges herrian, ETArekin lotura zuelakoan. Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera atzeman zuten, eta hau iazko urte bukaeran, Frantziako zigorra bukatu ostean, Espainiaratu egin zuten; Soto del Real espetxean dute harrezkero.