Foru Aldundiaren gizarte politika salatu du Urola Kostako ELAk

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 30a, 11:03
Urola Kostako ELAko ordezkariak Agifeseko eta San Martin Egoitzako langileekin batera, manifestazioan.

Lan hitzarmenak berritzeko eskatuz, bat egin dute mobilizazioekin Agifeseko eta San Martin Egoitzako langileek

Eskualdeko ELAk deituta, manifestazioa egin zuten ostiralean Azpeitian

Urola Kostako ELAk zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak daraman politika soziala salatu dute. Egoerak erakundeek politika fiskala aldatzea eskatzen duela adierazi zuten ostiralean Azpeitiko kaleetan ELA sindikatuko dozenaka afiliatuk.

Agifeseko langileek eta Azpeitiko San Martin Egoitzako langileek bat egin dute ELAren mobilizazioekin beraien aldarrikapenak egiteko.

Hutsuneak zerbitzu sozialetan

ELAk, nagusiki, zergak beste era batera banatu beharra dagoela aldarrikatu du. Negoziazio kolektiboko arduradun Joseba Villarrealek adierazi duenez, errenta profesionalek eta liberalek "oso gutxi deklaratzen dute; guk 21.000 euro deklaratzen ditugu eta zenbait autonomok 12.000 euro besterik ez. Ez dauka zentzurik guk langile liberalek baino 9.000 euro gehiago deklaratzeak".

Iruzur fiskala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren azpikontratazio eta pribatizazio politika ere salatu dituzte. Politika soziala beharrean, Foru Aldundiak "propaganda soziala" egiten duela adierazi dute. Aldunditik, "diru publikoarekin euren lagunentzako negozio pribatuak bultzatzen" dituztela adierazi du Villarrealek: "Kezkagarriena eta larriena da, erabaki horiek guztiak agintean dauden alderdi guztien oniritziarekin hartzen dituztela".

Ildo horretatik, "hutsune nabarmenak" daudela esan du Villarrealek "zerbitzu sozialetan: 0-3 urteko eskoletan, egoitzetan, etxez etxeko laguntzan, adin txikiko etorkinen arloan eta abar".

Baldintza egokiak eskatzen

Agifes gaixo psikikoekin eta haien familiekin lan egiten duen Gipuzkoa mailako erakundea da eta greban daude joan den hilabete eta erdian. Hitzarmen propio bat lortzea zaila ikusten dute baina, gutxienenez, "lan baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea" eskatzen dute. Hilean 750 euro irabazten dituzte eta, Villarrealen ustez, "horrek ez du ez buru eta ez hankarik, Foru Aldundiak ordaintzen duen zerbitzua denean".

Agifeseko ordezkari sindikal Saioa Garcia Andoizek adierazi duenez, "zenbait bilera egin ditugu eta kudeatzaileari proposamen bat egin diogu; erantzunaren zain gaude oraindik, ordea". Foru Aldundiak "eduki behar duen inplikazioa edukitzea" eskatzen dute Agifesako langileek.

Azpeitiko adinekoen San Martin Egoitzako langileak ere kalera atera dira euren baldintzak hobetzeko eskatzera. Egoitzako ELAko ordezkari Olatz Isasmendik adierazi duenez, "aurreko lan hitzarmena berritzeko garaia da, baina geldirik dago prozesua".

San Martin Egoitzako eta gainerako egoitzetako langileek "soldata duin bat edukitzea" eskatu dute. "Asteburutan eta festa egunetan lan egiten dugu eta, hala ere, 1200 euro irabazten ditugu; ez dira konturatzen oso lan gogorra dela gurea". Izan ere, asteburutan lan egiteagatik 20 euroko gehigarria dute, eta jaiegunetan 14 eurokoa besterik ez, diotenez; giharretako eta bizkarreko minengatik hain ugariak diren bajak ere %100ean ordaintzeko eskatzen dute. Lan hitzarmen berria dutenek, aurreko hitzarmena dutenak baino 100 euro gutxiago irabazten dituztela ere salatu dute eta, horren arabera, "lan berdinak, soldata berdina" behar duela adierazi dute.