Xabier Etxeberria presoaren egoeraz kezka agertu du Udalak

Uztarria.com, Berria.info | Politika
2009ko mar. 27a, 09:03

Ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren aldeko botoekin onartu du mozioa; Espainiako Estatuan "torturatua izateko arriskua du"

Presoak 26 egun daramatza gose greban, kanporatzearen kontra, eta asteartean beteko du zigorra Frantzian

Azkeneko albistea (hilak 27, 21:05). 350 lagun bildu dira manifestazioan

Goiko argazkian, atzo (osteguna) egin zen udalbatzarra. Erdiko eta beheko argazkian, ikasleek eta langileek 'Txapi'-ri elkartasuna adierazteko egin dute elkarretaratzea, gaur (ostirala), eguerdian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Xabier Etxeberria Txapi presoari babesa eskainiz eta haren egoeraren inguruan kezka azalduz mozioa onartu zuen atzo (osteguna) Azpeitiko Udalak, ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren aldeko botoekin -oposizioko alderdiak dira-. EAJk mozioaren kontra bozkatu du. Etxeberriak "torturatua izateko arriskua" duelako kezkatuta daude, eta Frantzian zigorra bete ostean "Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea" duela esan dute, "eskubide guztien jabe, eta torturatua izateko arriskurik gabe".

Frantziako Gobernuari eta Bilbon dagoen Frantziako Kontsulatuari eskutitz bana igorriko die Udalak, Etxeberriaren egoeraren inguruan kezka agertuz. Gainera, presoaren familiari "behar duten laguntza" emateko konpromisoa hartu dute.

EAJk beste testu bat aurkeztu zuen. Giza eskubide guztien alde daudela jaso dute testuan, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak delituren bat ikusten badu, EAJk ezin dutela ezer egin. Inkomunikazioaren aurka daudela esan zuen Julian Eizmendi alkateak, eta Etxeberria inkomunikatzearen aurka daudela.

Batzarrera 50 lagun inguru joan ziren, eta Eizmendik haiei esan zien torturen kontra ere badagoela, baina nolanahi ere tortura salaketa horietako batzuk "faltsuak" izaten direla.

Xabier Etxeberria gose greba egiten ari da Mureteko (Frantzia) espetxean martxoaren 3tik. Hilaren 31n beteko du Frantzian ezarri zioten espetxe zigorra eta hori amaituta handik Espainiako Estatura kanporatua izateko arriskua du.

Duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bourges herrian, ETArekin lotura zuelakoan. Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera atzeman zuten, eta hau iazko urte bukaeran, Frantziako zigorra bukatu ostean, Espainiaratu egin zuten; Soto del Real espetxean dute harrezkero.

Azkeneko albistea (hilak 27, 21:05). 350 lagun bildu dira manifestazioan. Gaur (ostirala) Xabier Etxeberriaren eskubideen alde 350 bat lagunek manifestazioa egin dute Azpeitian, 19:30etik aurrera, plazatik irtenda. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatu du.

Bidali:  

Erantzunak

txikia | 2009-03-27 : 14:03

Beraz, argi geratu da Julian Eizmendik Auzitegi Nazionalaren ekinbidea ez duela inolaz ere zalantzan jartzen, ez? alegia, autobus bat erretzeagatik giza-eskubideen defentsan egundokoak egiten dituzten horiek, Auzitegi Nazionalari legitimate guztia ematen diotela? Nik horrela ulertzen dut behintzat...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu