Daniela Dominguez: "Euskaldunez gain, etorkinok ere euskaraz hitz egin behar dugu"

Uztarria.eus 2009ko mar. 26a, 13:03
Daniela Dominguez.

Argentinatik etorri zen Azpeitira eta orain euskara ikasten ari da, "eguneroko bizitzan funtsezko hizkuntza" delako, eta "oso gustuko" duelako

Gaur (asteazkena) hasiko da Korrika 16, Tuteran; euskararen aldeko lasterketa apirilaren 2an iritsiko da Azpeitira

Gaur, asteazkena, Tuteran hasiko da Korrika 16, 17:30ean. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira lelopean, euskara erabiltzeko deia zabaldu nahi da gaurtik apirilaren 5era arte.

Aurtengo Korrikak atzerritik etorri eta euskara ikasten saiatzen ari diren etorkinak omenduko ditu. Daniela Dominguez (Argentina, 1971) etorkin horietako bat da. Argentinarra izatez, orain Azpeitian bizi da eta azken urtean euskara ikasten dabil.

Noiz etorri zinen Azpeitira?

Duela zazpi urte etorri nintzen, Argentinatik. Aurretik, beste zazpi urte egin nituen Madrilen, baina gero Euskal Herria etortzea erabaki nuen.

Zenbat denbora daramazu euskara ikasten?

Urtebete. Oraindik lehenengo mailan nago. Hizkuntza zaila iruditzen zait, baina oso gustukoa dut eta nire nahia ikasten jarraitzea da, eta ahal bada EGA ateratzea.

Zer dela eta hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?

Suhiltzaile izateko oposaketak egin nahi ditut eta horretarako euskarazko lehen mailako azterketa bat egin behar da. Horregatik hasi nintzen ikasten.

Zer gomendatuko zenioke Euskal Herrira etorri berri denari?

Euskara lehenbailehen ikasteak merezi duela esango nioke. Kanpotik Euskal Herrira etortzen garenok euskara ikasi behar dugu, bertako hizkuntza delako eta eguneroko bizitzan funtsezkoa.

Aurtengo Korrikak etorkinei ongi etorriak direla eta euskaran integratzeko esan nahi die.

Bai, nire ustez oso ekimen ona da. Euskaldunez gain, etorkinok ere euskaraz hitz egin behar dugu, hemengo hizkuntza ez galtzeko. Euskara hizkuntza zaharra da eta oso gustukoa dut, ezin dugu galtzen utzi.

Korrikan irteteko prest?

Bai, oso gustura irtengo naiz Korrikan, euskararen alde.

Apirilaren 2an, Azpeitian

Datorren ostegunean helduko da lekukoa Azpeitira, 20:30ak aldera. Egun horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte:

16:15ean Korrika Txikia, igerilekutik abiatuko da

19:00etan Triki poteoa plazatik

20:30ean Korrika iritsiko da herrira

21:00etatik aurrera Txotxa udaletxe azpian