Maratoi Erdian inoiz baino lasterkari gehiago izango dela uste dute antolatzaileek

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 26a, 11:03
William Chebor keniarrak iaz Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia irabazi egin zuen. Aurten ere parte hartuko du. (Nerea Uranga)

Maratoi erdiko denbora hausteko erbi lanak egingo ditu Habdelhak Fhadi marokoar korrikalariak

Antolatzaileek 1.600 dortsal prestatuta dituzte

Parte-hartzaile kopuruan muga jarrita dute XVI. Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren Oroimenezko Maratoi Erdian: 1.600 dortsal dituzte prestatuta eta ez dute onartuko korrikalari bat gehiago ere. Hala ere, inoiz baino korrikalari gehiagok hartuko duela parte duela uste dute maratoi erdiko antolatzaileek: "Uste dugu parte-hartzearen marka erraz hautsiko dela aurten. Dendetan izena emateko epea bukatu da dagoeneko, baina Interneten izena emateko epea ostiralean bukatuko da, eta azken egun hauetan jende asko ari da Internetez izena ematen. Horrek, maratoi erdiaren bezperetan lan handia esan nahi du, ordea", dio Jose Mari Floresek, maratoi erdiaren antolatzaile taldeko kideak .

Maratoi erdian urtetik urtera korrikalari gehiagok parte hartu dute. 1994an, esaterako, 610 parte-hartzaile izan zituen. Eta orain arte gehien iaz izan zuen: 1.182 lasterkari.

Erbia izango dute

Maratoi erdian denbora marka hautsi nahi dute aurten. Horretarako, ibilbide berria egin dute eta ahalik eta lasterkari onenak ekartzen saiatu dira antolatzaile taldekoak. Tartean izango dira, besteak beste: William Chebor eta Samuel Mugo keniarrak, Hafid Mhamdi marokoarra, Julio Rey, Jonay Gonzalez, Fernando Rey, Pedro Nimo, Pedro Antonio Santos, Manuel Hurtado eta Sergio Fernandez, gizonezkoetan. Eliseo Martin Omenat ere etortzekoa zen, baina min hartuta dago. Erbi lanak egitera Habdelhak Fhadi marokoarra etorriko da. Honek, 10.000 metro 28 minutuan egin izan ditu.

Emakumezkoen artean eta azken uneko ezustekorik ezean, honako hauek izango dira larunbatean maratoi erdian: Margaret Okayo keniarra, Yesenia Centeno, Dolores Pulido, Ana Casares eta Rosana Fernandez. Antolatzaileak, emakumeei erbi lanak egiteko lasterkari bat jartzeko asmoarekin ere badabiltza, Floresek dioenez.

Bidegorriak itxita

Aurten maratoi erdia lasterketak ibilbide berria du, irteeratik bertatik hasita. 16:30ean irtengo dute lasterkariek Azkoitiko Julio Urkijo kaletik, Lidl aurretik. Ibilbidearen zati batzuk bidegorritik egin beharko dituzte korrikalariek. Hori dela eta, bidegorri zati batzuk itxita egongo dira maratoi erdiaren garaian.

Larunbatean 16:00etatik aurrera, Azkoitiko eta Azpeitiko bidegorrien tarte batzuk itxita egongo dira: Azkoitian, Munategi eta Txerloia arteko bidegorri zatia eta Umansoro industrialdetik Jausoro bitartekoa. Azpeitian, berriz, Loiolatik Garmendi- pera arteko bidegorri zatia izango da itxita egongo dena.

Bestetik, Azkoitia eta Zumarraga arteko bidea ere itxita egongo da larunbatean, 06:00etatik 18:00etara bitartean; hala azaldu dute antolatzaileek.

Girotzeko, txarangak

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia girotzeko txarangak ibiliko dira kalez kale bai Azkoitian bai Azpeitian ere. Lasterketaren hasieran, Azkoitiko Julio Urkijo kalean, Urolatarrak txarangak animatuko du giroa. Azpeitian, ibilbideko zati desberdinetan eta helmugan, Azpeitiko Herri Txarangak girotuko du lasterketa.

Zerbitzu berria aurrera

Aurten Azkoitia-Azpeitia lasterketan parte hartuko duten korrikalarien seme-alabentzako ludoteka eta haurtzaindegi zerbitzua martxan jarri dute, Azpeitiko Udaleko Parekidetasun eta Kiroletako sailek. Dagoeneko zerbitzu hori jasotzeko izena emateko epea bukatuta dago. Zerbitzua Azpeitiko Ikasberri Ikastolan emango dute. Azpeitiko Udaleko Kiroletako teknikari Nerea Lopetegiren hitzetan, "guraso batzuek izena eman dute eta aurrera eramango da aurten aurreneko aldiz zerbitzu berri hau. Aurreneko aldia da, eta hasiera bezala zerbitzu berri honekin aurrera egitea erabaki dugu".

Autobus geltokiak aldatuta

Maratoi erdia dela eta, larunbatean Azpeitian autobus geltokiak aldatu egingo dituzte, 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Autobusak, igerileku aurrean gelditu beharrean suhiltzaileen parkearen aurrean (Arrian edota Garmendigainean) geldituko dira 15:00etatik 19:00etara. Izan ere, anbulatorio aurrean ez da autobusik geldituko larunbatean 15:00etatik 19:00etara eta, horren ordez, autobusa suhiltzaileen parkearen aurrean hartu ahal izango da. Julian Elorza kaleko autobusen geltokia eta Tren Museoaren aurrekoa ere tokiz aldatuko dituzte larunbatean 15:00etatik 19:00etara, maratoi erdiak iraun bitartean. Kasu hauetan, autobusak saihesbidean, Enparan gainean (Tren Museoko oinezko zubiaren aurrean), geldituko dira.

Igerilekua ezin erabili

Azkoitia-Azpeitia Maratoi erdiko partehartzaileek Udal igerilekuetan izango dute dutxa zerbitzua. Horregatik, larunbat arratsaldean igerilekua ezingo da erabili.

Igandean, berriz, igeriketa txapelketa jokatuko da Udal Igerilekuan, eta orduan ere ezingo da erabili.