'Ikas Komunitateak' hezkuntza proiektua aztertuko dute asteazkenean hasiko diren jardunaldietan

Uztarria.eus 2009ko mar. 24a, 13:03

Hezkuntza proiektu bat finkatu nahi dute, irakasle, ikasle eta sektore desberdinen parte-hartzearekin

EPAk antolatutako formakuntza saioak bihar (asteazkena) hasiko dira eta irekiak izango dira

Ikas komunitateak proiektuaren inguruko formakuntza jardunaldiak hasiko dira bihar, asteazkena, Azpeitian. EPAk Azpeitiko Udalaren babesarekin antolatutako jardunaldiek, Ikas komunitateak hezkuntza proiektua lantzeko helburua dute. Azpeitiko EPAko zentruan egingo dira jardunaldiak, Perretxiko eraikinean.

Egitasmoaren helburua hezkuntza proiektu bat finkatzea da, ikas komunitate osoaren inplikazioarekin. Horretarako, irakasleek, ikasleek eta beste sektoreek zer eskola mota edukitzea gustatuko litzaiekeen erabaki behar dute. "Ikastetxeek bakarrik ezin dute hezkuntza proiektua finkatu. Harremana izan behar dute beste sektore eta eragileekin. Horien artean, bi eragile funtsezkotzat hartzen ditugu: emakume mugimendua eta etorkinak", adierazi du EPAko irakaslea den Peio Iruretagoienak.

Proiektuak bi fase ditu: bihartik aurrera sentsibilizazio eta erabakitze fasea jarriko dute martxan, formakuntza jardunaldiekin. Fase horretan, besteak beste, hezkuntzari buruzko hausnarketak, ikastetxe bat ikas komunitate bihurtzeko ematen den eraldaketa prozesuaren azterketa eta proiektuaren azalpena egingo dira.

"Fasea amaitutakoan, eskolak erabaki behar du proiektuarekin jarraitu ala ez", azaldu du Iruretagoienak. Aurrera jarraitzea erabakitzen bada, ametsaren fasea deiturikoari ekingo diote eta datorren ikasturtean proiektua jorratu beharko dute. Horretarako lehenengo urratsa irakasle, ikasle eta sektore desberdinen iritziak biltzea izango da. "Ondoren, iritzi horiek bildu eta lehentasunak finkatu beharko genituzke", azaldu du Iruretagoienak. Behin lehentasunak finkatuta, plangintza egingo dute.

Saio teorikoak eta praktikoak

Formakuntza saioak bihartik apirilaren 2ra arte egingo dituzte. Jardunaldietan saio teorikoak eta praktikoak eskainiko dituzte. Saio teorikoetan, besteak beste, Ikas Komunitateak proiektua azalduko dute, gaur egungo gizartearen azterketa eta gizarteak zer eragin duen hezkuntzan aztertuko dute eta hezkuntza dialogikoari buruz ere mintzatuko dira.

Saio praktikoetan, berriz, talde eragileekin praktikak eta tertulia dialogikoak egingo dituzte beste ekintza batzuen artean. Horrez gain, Ikas Komunikateak proiektua martxan dagoen bi ikastetxeren esperientzia ere bilduko dute. Gazteizko Paulo Freire Helduen Eskolakoek eta La Verneda Kataluniakoek euren esperientzia azalduko dute. La Verneda eskolak 30 urte daramatza proiektua lantzen.

Jardunaldi irekiak

Iruretagoienak adierazi duenez, "jardunaldiak irekiak dira. Irakasleak, ikasleak eta inguruko hezkuntza eta gizarte arloko eragileei parte-hartzeko aukera zabaltzen diegu". Nahi duenak, 943812203 telefono zenbakian eman behar du izena edo epatarrak@gmail.com helbidera idatzi behar du.

Ikas komunitateak. Egitaraua:

Martxoak 25

15:00-17:30: Informazio Gizartea. Gonbidatua: Mª Luisa Jausi.

18:00-20:30: Gazteizko Paulo Freire Helduen Eskolaren esperientzia eta Literatur Solasaldi Dialogikoak. Gonbidatua: Mikel Loza.

Martxoak 26

15:00-17:30: Ikas Komunitateak proiektua. Gonbidatuak: Mª Luisa Jausi eta Isabel Mendizabal.

18:00-20:30: La Verneda Kataluinako Helduen Eskolaren esperientzia. Gonbidatua: Eli Giner.

Martxoak 27

09:00-11:15: Ikaskuntza Dialogikoa 1.zatia. Gonbidatua: Ramon Flecha.

11:30-14:00: Ikaskuntza Dialogikoa 2.zatia. Gonbidatua: Ramon Flecha.

Apirilak 1

09:00-13:00: Ametsaren Fasea eraldaketa prozesuan eta Talde Elkartegileak. Gonbidatuak: Mª Luisa Jausi eta Isabel Mendizabal.

Apirilak 2

09:00-13:00: Berrikuntzei buruzko hausnarketa praktikak eta ebaluazioa. Gonbidatuak: Mª Luisa Jausi eta Isabel Mendizabal.