Xabier Etxeberria berehala askatzeko eskatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Uztarria.eus 2009ko mar. 24a, 10:03
Lehen lerroan daude Etxeberriarren gurasoak, ezkerretik hasita bigarerna nahiz bosgarrena; Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen babesean agertu ziren prentsaurrekoan, Donostian, atzo (asteartea).

Ezohiko udalbatzarra deitzeko eskatu diote alkateari preso azpeitiarraren egoera Udalean aztertzeko

Etxeberriak gaur (asteartea) 23 egun egingo ditu gose greban

Espainiaratzeko arriskuan dela eta, Xabier Etxeberria Txapi preso azpeitiarra gose greban dago joan den martxoaren 3tik. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), presoaren abokatuarekin, gurasoekin eta zenbait herritarrekin batera Donostian atzo (astelehena) eman zuten prentsaurrekoan adierazi zutenez, Etxeberriak "gaur 22 egun beteko ditu gose grebari ekin zionetik eta bere osasun egoera okerrera" doa. Izan ere, hamar kilo galdu ditu jada.

Greba honen arrazoia da, Etxeberriak martxoaren 31n beteko duela frantziar estatuak ezarritako espetxe zigorra eta behin zigor hori amaituta, Frantziatik kanporatua izateko arriskuan egongo dela: "Frantziar estatutik kanporatu eta espainiar polizien eskuetan gelditzeko arriskuan egongo da, honek berarekin dakarren tortura arriskuarekin". AAMren ustez, Etxeberriak zigorra betetzean, "inolako arazorik gabe aske gelditu beharko luke, baina espetxean bere azken egunak lasai pasa beharrean, etxerako bidean pentsatzen egon beharrean, gose greba luze batean murgilduta dago, atxilotua, inkomunikatua eta torturatua izan daitekeela dakielako".

AAMren esanetan, "behin baino gehiagotan ikusi ditugu antzeko kasuak, non frantziar estatutik kanporatuak izan diren euskal herritarrak espainiar poliziak atxilotu, inkomunikatu eta torturatu dituen".

AAMko kideek argi utzi dute euren eskaera: "Xabierren bereahalako askatasuna eskatzen dugu eta ozen aldarrikatu nahi dugu Xabierrek Euskal Herrian libre bizitzeko duen eskubidea".

Gogorarazi nahi izan dute, iaz 62 euskal herritar torturatuak izan zirela guardia zibilen eta espainiar polizien eskuetan eta, zentzu horretan, Frantziako Gobernuaren jarrera ere salatu dute, "behin eta berriz prest agertzen baita euskal herritarrak torturatzaile espainiarren hatzaparretan uzteko".

Eizmendiri udalbatzar eskaera

Egoera honen aurrean, Azpeitiko alkate Julian Eizamendiren jarrera salatu nahi izan dute bereziki, "herritar honekiko ez baitu inolako interesik erakutsi oraindik". Adierazi dutenez, AAMk berak hartu behar izan du alkatearekin biltzeko ekimena eta "Xabierrek merezi duen elkartasuna eskaintzeko" eskatu diote Azpeitiko Udalari ; "lotsagarri" iritzi diote herritar baten oinarrizko eskubide urraketaren aurrean Eizmendik "behatz bat ere ez mugitzeari".

Honenbestez, ezohiko udalbatzarra deitzeko eskatu diote Eizmendiri, Etxeberriaren egoera Udalean azter dadin; erantzunaren zain daude orain. "Etxeberriaren auzian inplika dadin" eskatu diote.

Kezka nagusi familiarengan

Etxeberriaren familiak, lagunek eta AAMko kideek, presoaren egoera "kezkaz" bizi dutela adierazi dute, "beste behin, modu honetako neurrik gogorrak hartu beharrean aurkitu baita euskal preso politiko bat, bere eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakar bezala".

Azpeitiko herritar eta eragile ugari eskertu du AAMk, "egoera honen aurrean erakutsitako jarreragatik eta elkartasunagatik" eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, "mobilizazioa eta herritarron presioa baita egoera hauei aurre egiteko biderik eraginkorrena". Hori guztia dela eta, datorren ostiralean, 19:30ean Azpeitiko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute herria.