Egun betea Loiolan

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 20a, 12:03
Aitzol Arregi bere astoarekin irabazle sartzen helmugan, atzo, Loiolan. ('Urola Kostako Hitza')

San Jose festetako egun handia ospatu zuten atzo (osteguna) auzoan; asto lasterketan, Aitzol Arregirena irabazle

Larunbat honetan afaria egingo dute, Loiolatxo elkartean

Jendetsua izan da aurtengo San Jose Eguna Loiolan. Jende andana elkartu da Azpeitiko auzoan festetan parte hartzeko. Eguraldia lagun, Loiolako santutegi inguruak eta bertako lorategiak jai giroan murgildu ziren egun osoan.

Goiz partean, zezen txikiak eta pottokak atera zituzten basilikaren atarira eta umeak eta gazteak gustura ibili ziren haiekin jolasean.

Ondoren, Loiolako sanjoseetan tradizio handia duen hitzorduaren txanda iritsi zen. Asto lasterketak ehunka ikusle erakarri zuen ibilbidera. Sei asto lehiatu ziren, beste hainbeste azpeitiarrek eta loiolatarrek astozain lanak egin zituztelarik. Lehia bizia izan zen Inaxio Arregi, Unai Agirrezabal, Aitor Agirrezabal, IƱaki Gurrutxaga, Aitzol Arregi eta Aitor Segurola lehiakideen artean eta azkenean Aitzol Arregi azpeitiarraren astoa izan zen garailea; lehen sariko 90 euroak eskuratu zituen Aitzol Arregik.

Arratsaldean herri kirol jaialdia egin zuten Loiolan. Goenatxo II.ak eta Aimar Irigoien aritu ziren harriak altxatzen. Aizkoran, berriz, Arrospidek eta Txapartegik egin zuten saioa.

Afaria eta erromeria

Bihar (larunbata) bukatuko dira Loiolako festak, auzotarren lagunarteko afariarekin. Loiolatxo elkartean egingo dute afaria, 21:00etan hasita. Ondoren, Elustondo anai-arrebak trikitilariekin erromeria izango da auzoan.