Bat-egite baten istorioa

Berria 2009ko mar. 16a, 10:03

Donostiako Intxaurrondoko Ikastolako 21 ikaslek idatzitako ipuinak oinarri hartuta, Elurte bateko ipuinak liburua osatu du Pako Aristik

Idazlea txalo eta biba artean hartu dute haurrek

Elurrak bidean aurrera egitea eragotzi, eta idazleak eta eskolako haur taldeak elkarrekin igaro dute gaua errepide ondoko kiroldegi batean. Urduritasuna baretzeko eta loak hartu bitartean, ipuinak kontatuko dizkiote elkarri. Hori da Elurte bateko ipuina (Erein) liburuaren abiapuntua. Eta egoera hori benetakoa izan bazitekeen ere, literatura da; Pako Aristi idazleak asmatu duen ipuina, Donostiako Intxaurrondoko Ikastolako ikasleek idatzi zizkioten narrazioekin liburua osatzeko.

Donostiako Lugaritz antzokia leporaino bete zuten ostiralean ikastolako ikasleek euren burutazioek bide eman zioten liburuaren aurkezpenean. Eserlekuetan jesarri bezala, presaka kendu zituzten sobran zeuden jertseak eta anorakak, kanpoko eguzkiak eta barruko ezinegonak berehala berotu baitzuen giroa. Txalo eta biba artean hartu zituzten DBHko 1. mailako ikasleek oholtza gainera liburua aurkeztera igo ziren beren ikaskideak, Axun Usarralde irakaslea eta minutu batzuk lehenago antzokiaren sarreran autografoak eskatuz ongietorria eman zioten idazleari.

Usarraldek azaldu zuen nola Idazleak ikastetxeetan programaren bitartez ezagutu zuten elkar, duela urtebete, idazleak eta ikastolako ikasleek, Aristi bere langintzaren berri ematera ikasgelara sartu zenean. Helena Agirre ikasleak ondo gogoan ditu egun hura eta idazleak sortu zien inpresioa: “Hasieran aspergarria izango zela pentsatu genuen, baina gero idazlea entzutean, merezi zuela ikusi genuen”.

Ikasleek hainbat galdera egin zizkioten orduko hartan Aristiri, baina batek eman zion bide urtebete eta gero Elurte bateko ipuina liburuan gauzatu den egitasmoari. Ondokoa zen galdera: “Eta zergatik ez duzu idazten gutaz?”. “Erantzun nien ez nituela nahikoa ezagutzen hori egin ahal izateko”, azaldu zuen idazleak, eta zera eskatu zien: “Idazteko euren anekdotak, sartzeko gutun-azalean, eta bidaltzeko ondoko helbidera: Pako Aristi, Urrestilla”.

Zuzendu gabe

Axun Usarralde irakaslearen gidaritzapean, 21 ikaslek euren anekdotak edo ipuinak idatzi zituzten, eta gero idazleari bidali zizkioten. “Ez genekien erantzungo zuen ere; hamabost egunetara, ordea, posta elektronikoz jaso genuen erantzuna, esanez posible ikusten zuela zerbait egitea”.

Usarraldek harro kontatu zuen ikasleek zer-nolako jakin-minez hartu duten eskuetan Elurte bateko ipuinak liburua. “Nor bere istorioaren bila hasi da azkar batean”. Aitor Ibañez ikasleak aitortu zuen ez zutela espero liburua aterako zenik, baina orain “oso pozik” daudela.

Animaliak, ezbeharrak eta familia dira, batik bat, ikasleek idatzi zituzten narrazioetako gai nagusiak. “Batzuk egiak, besteak ez”, uste du Pako Aristik. Dena dela, istorio originalak dira guztiak, eta jaso zituen bezalaxe argitaratu dituzte liburuan, zuzendu gabe. “Hamabi urte dituzten gaztetxoek nola idazten duten jaso nahi nuen, eta uste dut nahiko ondo egiten dutela”.

Liburu aurkezpena ikasleek Aristiri eginiko galdera zaparradarekin amaitu zen, eta diru arazorik ba al zuen galdetzeak barrea eragin zuen aretoan. Idazlearen erantzuna ezezkoa izan arren, liburua erosteko gonbita egin zuen: “Coca-Cola bat erosten den bezalaxe, gizarte honetan liburuak ere erosi egin behar baitira, bertatik bizi eta lan egiten jarraitzeko”.