Babestutako etxebizitza gehiago eraikitzea izango da Udal Gobernuaren lehentasunetako bat

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 12a, 10:03
Azpeitiko Udal Gobernua osatzen duten EAJko zinegotziak eta alkatea atzo (asteazkena) prentsaurrekoa ematen, udaletxean; Joxe Urbistondo falta da, gaixo zegoen eta. (Nerea Uranga)

Alkatearen esanetan, lehentasunen berri ematea "bategatik edo besteagatik nahi baino gehiago atzeratu da"

"Herriaren garapenerako garrantzitsuak diren" helburuak dira lehentasun bezala aurrera eraman nahi dituztenak

Azpeitiko Udal Gobernua osatzen duten EAJko zinegotziek eta alkateak agintaldia bukatzeko gelditzen diren bi urteetan izango dituzten lehentasun eta helburu nagusien berri eman zuten atzo, udaletxean, prentsaurrekoan. EAJkoen ustez "herriaren garapenerako garrantzitsuak diren" helburuak dira lehentasun bezala aurrera eraman nahi dituztenak: babestutako etxebizitza gehiago egitea; beste erakundeen eskumenekoak diren azpiegiturak bultzatzea; 2009ko aurrekontuak onartzea; adinekoen eta mendekoak diren herritarren beharrak aztertzea; herritarren partaidetza eta lankidetzarekin jarraitzea; eta elkarbizitzan aurrera egitea.

Julian Eizmendi alkateak, Udal Gobernu Aldaketa San Sebastian bezperetan eman zela gogorarazi du, "datorren astean beteko dira bi hilabete". Gogorarazi duen moduan, orduan Udal Gobernuaren lehentasunen berri ahalik eta azkarren ematekotan gelditu zen, baina "bategatik edo besteagatik nahi baino gehiago atzeratu da, eta orain konpromiso hori betetzera gatoz". Udal hauteskundeetara programa batekin aurkeztu zirela ere gogorarazi du Eizmendik, "eta, orain, agintaldia osatzeko falta diren bi urte hauetako helburu nagusiak azpimarratu ditugu, gure ustez herriaren garapenerako garrantzitsuak direnak".

Azken udalbatzarraz

Joan den martxoaren 5ean egin zuten udalbatzarrean, martxoko ohikoan, beste alderdiek "liberatuen gaia" bozkatzeko eskatu zuten, udalbatzarrak arautzen dituen legea oinarri hartuta. Horren inguruan ere hitz egin dute Udal Gobernua osatzen duten EAJko zinegotziek eta alkateak. Julian Eizmendi alkateak azaldu duenez, "ez genuen bidezkoa jo liberatuen gaia bozkatzea". Eizmendiren arabera, udalbatzarra egin aurreko asteartean, martxoaren 3an, Udaleko Ogasun Batzordean liberatuen gaia aztertzeko irizpideak proposatu zituen idatziz, "eta irekita utzi genuen gaia hurrengo Batzordean lantzeko, ekarpenak egiteko eta, ahal izanez, gero adostasunera iristeko".

Alkatearen hitzetan, liberazioen inguruko gaia "tramitean dagoen gai bat da", eta oraingoz liberatuta dagoen bakarra bera da.

Udal Gobernuak helburu nagusien artean Etxebeltz-Izarra garatzea du

Udal Gobernuaren arabera, datozen bi urteotarako helburu nagusien artean Etxebeltz-Izarra eremuko egitasmoa aurrera eramatea dute. Leku horretarako proiektuaren gainean epaileak hartutako erabakiarekin lotuta, hainbat gauza argitu nahi izan ditu Udal Gobernuak. Epaileak hartutako erabakia "ez dela behin betikoa" diote, eta bai Udalak bai Gipuzkoako Foru Aldundiak Espainiako Epaitegi Gorenean errekurritu egin dute. Julian Eizmendi alkateak dioenez, epaiak ez du zalantzan jarri Etxebeltz-Izarrako antolamendua, "alderdi formal bat jarri du zalantzan, hain zuzen ere azterketa ekonomiko-finantzieroa".

Etxebeltz-Izarrako lanak legearen barruan daudela azpimarratu du Eizmendik: "Legearen barruan zeuden eta daude". Egitasmoak bere bidea segitzeko, legearen baitan Udalak egin beharreko guztia egingo duela gaineratu du, "eraikinak aurreikusitako garaian eta moduan egiteko". Bigarren faseko babes ofizialeko 54 etxebizitzen zozketaren data eta lehenengo fasekoen kontratuak sinatzeko data "lehenbailehen" zehaztu beharrekoak direla diote. Hori guztia Udalak eta Azpeitia Lantzenek kudeatu behar dute, "eta denok ados jarri behar dugu helburuak gauzatzeko".

Udal gobernuaren lehentasunak

EAJko Udal ordezkariek osatutako Azpeitiko Udal Gobernuak agintaldia bukatzeko gelditzen diren bi urteetarako helburu nagusiak azaldu zituen atzo, udaletxean emandako prentsaurrekoan:

Babestutako etxebizitza gehiago. Azpeitiko alkate Julian Eizmendik Udal Gobernuaren izenean azaldu duenez, Hirigintzako Arauetan aurreikusita bezala babestutako etxebizitza "gehiago" eraikitzea bultzatuko dute, "bai jabetzakoak bai alokairuzkoak".

Beste erakundeekin elkarlanean azpiegiturak bultzatu. Udal Gobernuak adierazi duenez, beste administrazio edo erakunde batzuen eskumenekoak diren azpiegiturak "bultzatuko" ditu. Besteak beste honako hauek:

  • Larrineko lur eremuan industrialdea garatzea, Sprilurrekin.
  • Urrestilla-Landeta lur zatiko urak bideratzea eta saneamendua hobetzea, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
  • Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidearen lehen fasea, Zabaletxe eta Zapatari artekoa, eta Garmendigaineko biribilgunea egitea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
  • Horiez gainera, Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidearen traza orokorraren proiektua onartzea ere bultzatuko du Udal Gobernuak, "ondoren kudeatu eta egiteko".

2009ko Udal aurrekontuak, "ahalik eta adostasun handienarekin". Udal Gobernuak azaldu duenez, "orain zehaztu ditugu 2008ko aurrekontuaren likidazioaren datuak". Datorren astean bertan aurtengo aurrekontuaren proposamenak aztertzen hasi nahi dute, eta "ea apirilean aurrekontuak onartzen ditugun". Alkatearen esanetan, aurrekontuetan sail, arlo eta behar desberdinetarako aurreikuspenak zehaztuko dituzte, eta guztietan "adostasun handiena lortzen saiatuko dira".

Adinekoen eta mendekoak direnen beharren azterketa. "Adin nagusikoen eta mendekoak diren lagunen inguruan hausnarketa eta eztabaida prozesua zabaldu nahi dugu". Arlo horretako eragile eta erakunde guztiekin batera, eta denen artean etorkizunerako "aterabidea" emateko.

Herritarrekin partaidetza eta lankidetza. Udal Gobernuak herritarren partaidetza eta lankidetza sustatzeko asmoa du: "Herritarren partaidetza eta lankidetza kontuan izango dugu".

"Elkarbizitzan aurrera egitea". Elkarbizitzan aurrera egitea da Udal Gobernuaren nahia, "giza eskubide guztiak pertsona guztietan errespetatzeko printzipioa ardatz nagusi bezala hartuta".