Feminismo eskolen azken saioa martxoaren 18ra atzeratu dute

Uztarria.eus 2009ko mar. 11a, 12:03

Parekidetasun Sailetik balorazio "oso positiboa" egiten dute orain arte egin dituzten saioen inguruan

Teoria desberdinak landuko dituzte datorren asteazkenean

Parekidetasun sailak antolatutako Feminismo eskolen barruan, azken saioa biharko, osteguna, antolatuta zegoen, baina martxoaren 18ra atzeratu dute. Antolatzaileen arabera, hirugarren saioko gaiak aurretik iragarritakoak izango dira. Arratsaldeko seiretatik zortzietara, Baigera Elkartean, feminismoan sakontzeko aukera izango da eta bertara gerturatzen direnek Queer teoria, teoria poskolonialak, ziberfeminismoa eta teoria zaharrak eta ekarpen berriak ikasi ahalko dituzte.

Orain arte egin diren bi saioetan hamahiru pertsonek hartu dute parte. Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikariaren arabera, balorazio "oso positiboa" egiten dute orain arte egin dituzten bi saioen inguruan. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu informazioa ematea, emakumeen inguruan dauden aurreikuspenak puskatzeko balio duelako", azaldu du Aranbarrik. Etorkizunari begira, ekintza desberdinen bidez informazioa ematen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du teknikariak.