Haizea Egiguren eta Maria Eizagirre: "Gaur egun Abortuaren Legeak esaten duena ere ez da bermatzen"

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 5a, 12:03
Haizea Egiguren eta Maria Eizagirre, Bilgune Feministako kideak. (Nerea Uranga)

Urola Kostako Bilgune feministak abortua eskubidea dela aldarrikatuko du egun hauetan; zehaztu dutenez, "eskubidea da eta ez delitua"

Abortua libre eta doakoa izan behar dela aldarrikatzen dute

Urola Kostako Bilgune Feministakoak azken egun hauetan martxoaren 8ko Nazioarteko Emakumeen Egunaren inguruko ekitaldietan murgilduta dabiltza. Abortua dute aurten gai eta aldarri nagusia: Emakumeak gure gorputzaren jabe, abortua ez da delitua eskubidea baizik. Abortua libre eta doan!. Ez da oraingoxea eskaera, "orain 30 urte ere feministek aldarri horixe egiten zuten". Abortuaren inguruan gauzak ze gutxi aldatu diren seinale, beraz.

Martxoaren 8aren inguruko ekitaldietan, abortatzeko eskubidearen alde egingo duzue. Bilgune Feministatik zein helbururekin heldu diozue gai honi?

Haizea Egiguren: Gaur egun ere, abortuaren gaiak tabua izaten segitzen du. Historian atzera eginda ikus dezakegu, 70eko hamarkadan abortua delitua zela, eta Espainiako Estatuan kartzela zigorrarekin ordaintzen zela. Orduan, antisorgailuak ere legez kanpokoak ziren. Gero, mugimendu feminista sortu eta gai horren inguruan hasi zen lanean. Gauzak ere lortu zituzten: batetik, antisorgailuak legeztatzea, eta abortua hiru balizko egoeratan legeztatzea: amaren osasun fisikoa eta psikikoa arriskuan dagoenean; malformazio kasuetan; eta bortxaketa kasuetan. Oraindik ere hiru balizko egoera horietan bakarrik da legezkoa.

Baina zuen ustez abortuari buruzko legeak esaten dituen hiru balizko kasu horiek ez dira nahikoak, ezta hala?

Egiguren: Gure ustez abortuak libre eta doakoa izan behar du, eta, horregatik, indarrean dagoen lege horren kontra egiten dugu. Gainera, legeak esandakoa ere ez da bermatzen. Orain gutxi, Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordean epeak luzatzeko asmoa proposatu eta onartu dute; Frantzian gaur egun dagoen berdina proposatu dute. Baina hori dena ere partxeo bat da. Aurreraupauso bat bezala saldu nahi digute, baina gure ustez ez da horrela. Ia-ia orain 30 urte bezalaxe gaudela, alegia.

Maria Eizagirre: Gaur egungo balizko hiru kasuak ere ez dira bermatzen, sare publikoko mediku batzuk aborturik ez egiteko eragozpen kontzientziaz baliatzen direlako.

Abortua legeztatzearen eztabaida gizarteratzeak zer ekarriko luke?

Eizagirre: Nire ustez, jendartean gaiaren inguruko eztabaida piztuko litzateke; 70eko hamarkadan ere gaia jendarteratu zutenean eztabaida handia sortu zen. Kontutan izan behar da gaur egun ere Zigor Kodearen barruan dagoela abortua.

Egiguren: Jendartean abortua gai tabua da oraindik ere, eta hori horrela ez izateko bitartekoak jarri behar ditugu. Abortua osasun publikoan naturaltasunez hartuko balute, jendartean ere eragina izango luke. Gaur egun abortatzen duen emakumeak jasan beharreko presio soziala izugarria da, eta Nafarroan zer esanik ez. Nafarroan eragozpen kontzientzia oso zabalduta dago medikuen artean eta Nafarroatik abortatzera ia denak kanpora bidaltzen dituzte.

Beraz, zuen ustez jendartean eztabaida sortu beharra dago ezinbestean, ezta hala?

Egiguren: Bai, bai, garrantzitsua da abortuaren gaia kaleratzea, baita historiari begiratzea ere, orain dela 30 urtetik, aldarrikapen bera egiten jarraitzen dugula ikusteko. Horretaz gainera, lege aldetik aurrerapausoak eman behar dira eta sexu heziketa integrala ere garrantzitsua da. Guk egun hauetan ikastetxeetan gai hau lantzeko asmoa dugu, eta kalean ere aldarrikapen hori egingo dugu. Orain 30 urte bezalaxe gaia kaleratu egingo dugu, herriak jakin dezan zer saldu nahi diguten Abortuaren Lege erreformarekin, eta jendeak jakin dezan erreforma horrek aurrerapausorik ez dakarrela.

Eizagirre: Kontutan izan behar dugu oraindik ere abortua delitua dela eta jendea gai horren inguruan informatu beharra dago. Prebentzioa garrantzitsua da, baita hezkuntza sexual integral bat ere, eta ez erreprodukzioan bakarrik oinarritutakoa; sexualitate eredu berri baten beharra dago. Joan den hilean, Zarautzen emakumeen batzarra egin genuen abortua gai hartuta, jendeak abortuaren inguruan eztabaidatzea, eta berriro ere gai horri heltzea garrantzitsutzat jo zuten.

Abortatu nahi duen emakume batek nora jo dezake laguntza eske?

Eizagirre: Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo ohi dute emakume batzuk laguntza eske. Zarautzen egindako emakume batzarrean 70ko hamarkadan mugimendu feministan ibilitako emakume batek zioenez, garai hartan jendeak talde feministetara jo ohi zuen abortatzeko orduan laguntza eske. Kontuan hartu behar da gaur egun abortatzea emakume gazteetan, eta adin txikikoetan, gertatzen dela askotan.

Martxoaren 8aren inguruan herrian antolatutako ekitaldiak

Martxoak 5, gaur. 18:00etatik 20:00etara, Baigeran, Feminismo Eskolak. Gaurko gaiak: Mugimendu feminista Euskal Herrian, Borroka desberdinen bilakaera eta Gaur egungo erronka berriak. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta.

Martxoak 6, bihar.

  • 12:00etan, ikasleen elkarretaratzea, anbulatorio aurrean. Bilgune Feministak deituta.
  • 21:00etan, Betharramen. Kalean uso etxean otso antzezlana. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta.

Martxoak 7, larunbata.

  • 19:00etan, manifestazioa Emakumeok gure gorputzaren jabe. Abortua libre eta doan, plazatik irtenda. Bilgune Feministak deituta.
  • 21:00etan, txotxa, Gaztetxean. - 23:00etan, kontzertua, Triki ta su eta Laket taldeak. Sarrerak aurrez salgai daude Orkatzen eta Txarrantxan: langileek 10 euro eta ikasle eta langabetuek 7 euro. Otartekoa bakoitzak eraman beharko du. Bilgune Feministak antolatuta.

Martxoak 8, igandea.

  • 09:00etan, Donostiako Lilatoi lasterketara autobusa, igerileku aurretik irtenda. Azpeitiko Udaleko Kirol Sailak antolatuta.
  • 19:00etan, kontzertua, Orkatzen. Orkatz Kultur Elkarteak eta Bilgune Feministak antolatuta.

Martxoak 12, osteguna. 18:00etatik 20:00etara, Baigeran, Feminismo Eskolak. Landuko dituzten gaiak: Queer Teoria, Teoria Postkolonialak, Ziberfeminismoa eta Teoria zaharrak eta ekarpen berriak. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta.