Eusko Jaurlaritzak Corrugados Azpeitiko labeak tokiz aldatzeko baimena eman du

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 26a, 13:02

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Lurraldeko Zatikako Planeko dekretu bat aldatu du

Corrugados Azpeitia gaur dagoen Amueko eremutik Trukutxoko eremura eramango dute, enpresa herrigunetik ateraz

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Urola Kostako Lurraldeko Zatikako Planeko dekretu bat aldatu du, Corrugados Azpeitia enpresako labeak tokiz aldatzeko baimena emanaz. Zatikako Planaren aldaketak Azpeitiko Arau Ordezkatzaileen aldaketa martxan jartzea posible egingo du, era horretan Trukutxo eta Amue eremuetako aldaketak kudeatzeko aukera emanez, eta Corrugados Azpeitia gaur dagoen Amueko eremutik Trukutxoko eremura eramango dute; hau da, herrigunetik atera egingo dute enpresa.

Dagoeneko Trukutxoko eremuan Corrugados Azpeitia lantegiaren labeak jartzeko lanak egiten hasita daude. Trukutxo eremua, Anardi-Badiolegi lur eremuan dago. Gaur egun lantegi batzuk badaude toki horretan, baina Jaurlaritzako Ingurumen sailak egindako aldaketari esker, eremu ez hiritargarria izatetik hiritargarria izatera pasatuko da, non ekimen ekonomikoak aurrera eramatea posible den.

Orain onartu berri duten Lurraldeko Zatikako Planari esker, gaur egun lantegia dagoen Amueko lur eremua lehenera ekartzeko aukera izango da. Ibaieder ibaiaren ertzak eta Amueko zubiaren inguruak berreskuratu egingo dituzte. Behin, fundizioko eta laminazioko lantegia tokiz aldatuta, bertan etxebizitzak eraikitzeko aukera ere aurreikusten du Jaurlaritzako Ingurumen Sailak.