Feminismo eskolak, hitzaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Uztarria.eus 2009ko ots. 26a, 10:02
Emakume artisten lanekin egin zuten erakusketa, iaz.

Emakumeen Mahaiak antolatutako feminisko eskolak gaur (osteguna) hasiko dira

Azpeitiko Bilgune Feministak ere aldarrikapenerako hainbat ekimen prestatu ditu

Emakumeen Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari da eta Emakumeen Mahaiak eta Bilgume Feministak ekimen ugari prestatu dituzte martxoaren 8aren inguruan, emakumeen eguna ospatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko.

Emakumeen Mahaiak antolatuta, feminismo eskolak hasiko dira gaur, osteguna. Emakume Mahaiaren araberan, eskola horietan "feminismoaren historia, korronte ezberdinak, gaur egungo egoera, etabar aztertuko dira". Gaurko saioan hiru gai izango dituzte hizketagai: Zer da feminismoa, bere sorrera eta bilakaera munduan eta feminismoaren korronte ezberdinak.

Hurrengo saioa martxoaren 5ean egingo dute. Orduan Euskal Herriko mugimendu feminista, borroka ezberdinen bilakaerak eta gaur egungo borroka berriak aztertuko dituzte. Eskolen azken hirugarren eta azken eguna martxoaren 12an egingo dute. Saio horretan hainbat teoriaz eta ziberfeminismoaz mintzatuko dira eta. Antolatzaileek adierazi dutenez, eskolak Baigera Elkartean egingo dira, 18:00etatik 20:00etara.

Eskolez gain, ‘Kalean uso, etxean otso’ antzezlana antolatu dute martxoaren 6erako. Emakumeenganako indarkegiaren gaia lantzen duen antzezlana amaitutakoan, herritarrek gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera izango dute. Izarraitz pilotalekuan izango da, 21:00etan hasiko da antzezlana.

Azpeitiko Bilgune Feministak ere hainbat ekimen antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan. Datorren asteazkenean, martxoak 4, abortuari buruzko hitzaldia antolatu dute, 20:00etan. Ondoren, afari merienda bat egingo dute Betharram Aretoan, eta 21:00etan, El secreto de Vera Drake filma eskainiko dute, zineklubekoekin elkarlanean.

Martxoaren 7an, Emakumeok gure gorputzaren jabe, abortua ez da delitua, eskubidea baizik lelopean manifestazioa egingo dute. Manifestazioa 19:00etan hasiko da, eta amaitutakoan txotx feminista eta kontzertuak antolatu dituzte gaztetxean. Martxoaren 8an, berriz, Donostiako bulebarretik hasita manifestazioa egingo da eta mugimendu feministak bertan parte hartzeko dei egin du.