Zuhaitzak inbaditzaileen kontra

Urola Kostako Hitza | Besterik
2009ko ots. 25a, 09:02

Udalak zuhaitzak landatuko ditu aste honetan, landare inbaditzaileei kontra egiteko

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasleek haien inguruko azterketa egin dute eta herritarren laguntza eskatu dute

'Fallopia japonica' edo Poligono Japoniarra. (Ikasberri Azpeitiko Ikastola)  Argazki originala

Azpeitiko Udalak landare inbaditzaileen kontrako kanpainaren bigarren faseari ekingo dio datorren astean. Bertako espezieen bioaniztasuna arriskuan jartzen duten landare inbaditzaileekin bukatzeko zuhaitzak landatuko dituzte ibai bazterrean. Izan ere, itzala da landare hauen etsairik handiena.

Berrosuetatik igerileku parera bitartean, eta Eskuztatik Lasaora artean ibai ertzean zehar zuhaitzak landatuko dituzte. Eremu horietako lurjabe pribatuei datozen egunetan jakinaraziko diete zehazki noiz hasiko diren zuhaitzak sartzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzari esker burutuko du kanpainaren bigarren fasea Azpeitiko Udalak. Lehen fasea iaz hasi zen landare inbaditzaileak moztu eta ibai ertzetan pestizida bota zutenean.

Ikasberriko ikasleen ekimena

Landare inbaditzaileen arazoak ez ditu erakundeak bakarrik kezkatzen. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako DBH 2. mailako ikasleak landare horiei buruzko ikerketan murgilduta dabiltza azkenaldian.

Urola bailarako landareei kalte egiten dieten hainbat espezieri buruzko informazioa bildu dute. Hala nola, Poligono japoniarra (Fallopia japonica), Buddleja Davidii edota Panpa lezka (Cortaderia selloana) landareei buruzko datuak eskatu dizkiete Aranzadi Zientzi Elkarteko Botanika Sailari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen arduradunei eta Azpeitiko Udaleko Ingurumen teknikariari.

"Guk, ezjakintasunean, apainketarako landatu badugu ere Urola bailarako landareen bioaniztasunari kalte nabarmena egiten diote, Panpa lezkak kasu", adierazi dute ikasleek. "Japoniarrak bereziki ibai ertzak eta Buddlejak bide ertzak kolonizatu dituzte; hiru landareek gustuko dituzte lur mugituak, harrotuak", ondorioztatu dute gazteek. Horregatik, lur mugimenduekin kontu handia eduki behar dela jakinarazi dute. Bide batez, kutsatu gabeko lurrak direla ziurtatzea gomendatu dute.

Ikerketatik ekintzara

Informazioa bildu eta ondorioak atera ostean, ekintza zuzenak abiatu dituzte Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek. Herri barruko eta inguruko hiru landare inbaditzaile nagusien kokapenekin zerrenda bana osatzeko asmoa dute.

Euren eremuetan Poligono japoniarra duten lurjabeei egoeraz jabetzeko idatzia bidaliko diete zerrendan sartzeko baimena eskatuz eta, hala nahi badute, landarea kentzeko metodorik egokienaren berri emateko.

Herritarren laguntza ere eskatu dute ikasleek. Zerrendak osatzeko lanetan lagundu nahi dutenek martxoaren 4a bitartean ikasleekin harremanetan jarri daitezke, 943 151246 telefonoan. Izen-abizenak eta kontakturako telefono bat utzi eta ikasleak jarriko dira haiekin harremanetan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu