Langile bat hil da istripuz Urrestillan, eraikuntza lanetan aldamiotik erorita

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 25a, 10:02

Astelehen arratsaldean gertatu zen istripua

Hormaren eta aldamioaren arteko zirrikitutik erori zen eta medikuek ezin izan zuten langilearen bizitza salbatu

Astelehen arratsaldean langile bat hil zen Urrestillan eraikitzen ari diren etxe batetik lurrera erorita. Medikuak hura bizirik mantentzen saiatu baziren ere, minutu gutxira hil egin zen.

Jose Antonio Zendoia Kerejeta azpeitiarra zen, Takolo baserrikoa, 52 urte zituen eta Azkoitian bizi zen gaur egun.

Arratsalde iluna Urrestillan

17:15ak aldera gertatu zen ezbeharra. Txorietxeko eraikuntzan ari zen lanean Urbitarte eraikuntza enpresarentzako. Dirudienez, Zendoia, 6 metroko altueran zegoen aldamio batetik behera erori zen.

Osalanek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak esandakoaren arabera, etxearen aurrealdean ziharduenlanean, aldamio mugikor batean; aldamio horrek barandak zituen alboan eta atzealdean, ez ordea aurrealdean. Langilea aldamioaren eta fatxadaren arteko zirrikitutik erori zen. oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak medio. Inork ez zuen erortzen ikusi. Langilea lurrean topatu zuten lankideek eta berehala eman zuten istripuaren berri.

Minutu gutxira heldu zen Urrestillara Ertzaintza eta baita helikoptero medikalizatu bat ere, zauritua ospitalera eraman ahal izateko, baina, tarte horretan hil egin zen langilea.

Epailea laster etorri zen istripuaren nondik norakoak aztertzera eta 20:00etan eman zuen gorpua jasotzeko baimena. Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman zuten segidan eta atzo autopsia egin zioten, ezbeharraren zergatiak eta heriotzaren arrazoiak argitzeko.

Osalanek adierazi duenez, 28 urte zeramatzan Zendoiak igeltserolanetan.

ELA sindikatuak elkarretaratzea deitu du gaurko, eta Urrestillako eraikuntza lanen aurrean bilduko dira, 11:30ean.

Atzo, asteartea, arratsaldean ekarri zuten Jose Antonio Zendoiaren gorpua Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikotik eta Azpetitiko ehorztetxean dago.

Gaur arratsaldean azken agurra emango diote familiakoek eta lagunek Azkoitiko Jasokundeko Amaren Parrokian, 18:00etatik aurrera haren alde egingo den hileta elizkizunean.

Aurten, bederatzigarrena

Urrestillako ezbeharra ez da eskualdean gertatu den lehen lan istripua. Hainbat esparrutan gertatu izan dira ezbeharrak, eta eraikuntzakoa da hildako gehien ergatin dituen sektoretako bat.

Iaz, Urola Kosta eskualdeko bi langile hil ziren lan istripuen ondorioz. Azkena, uztailaran 16an izan zen, Eibarren. Construcciones Amenabar enpresako 43 urteko langile azkoitiar bat eraikuntza lanetan ari zela hil zen.

Euskal Herri mailako datuei begiratuz gero hildakoen kopurua nabarmen igotzen da, arazoaren larritasuna azpimarratuz. Urrestillakoarekin, aurten soilik Euskal Herrian 9 langile hil dira lan istripuen ondorioz.