Aitor Aranak irabazi du Irun Hiriko euskarazko eleberriaren saria

Berria.info, uztarria.com | Kultura
2009ko ots. 21a, 12:02

Oscar eta Sebastian lana aurkeztu zuen

Maiatzean izango da sari-ematea, eta 25.000 euro jasoko ditu

Gaur (larunbata) jakinarazi dituzte Irun Hiriko XXXIX. literatur sariak eta, euskarazko eleberriaren arloan, Aitor Arana (Legazpia; Azpeitian bizi da; 1963) izan da irabazlea, Oscar eta Sebastian lanarekin.

Hainbat liburu idatzi izan ditu Aranak, eta sariak bat baino gehiago irabazi ditu.

Euskarako poesian Luis Garde Iriarte (Iruñea; Donezteben bizi da; 1961) izan da garailea, Unplugged lanarekin.

Eleberri sarietako irabazleek 25na mila euro jasoko dituzte eta poesiakoek 15na mila euro. Maiatzean izango da sari-emate ekitaldia, Ficoban.

Hemendik aurrera bi behin izango da lehiaketa, antolatzaileek hala erabakita.

Arana: "Fideltasunez eutsi diot Oscar Wilderen bizitzari"

Oscar Wilde idazlearen bizitza nobelatua da Oscar eta Sebastian. Aitor Aranak betidanik izan du interes handia idazle irlandarren inguruan, eta orain haren biografia jaso du Irun Hiria saria irabazi duen nobelan.

Nola hartu duzu Irun Hiria saria irabazi duzulako berria?

Oso pozik. Liburua lehiaketa batean aurkezten duzunean itxaropena beti izaten da irabazteko, baina zalantza asko ere bai: tartean, epaimahaiko kideei gaia gustatuko ote zaien.

Zeri buruzko nobela da Oscar eta Sebastian?

Oscar Wilde idazlearen bizitza nobelatua da. Zergatik izenburu hori? Wildek kartzela zigorra jaso zuen homosexualitatearen kontuarengatik, eta kartzelatik irten zenean, izan zenaren itzala baino ez zen. Parisera erretiratu zen, eta han, Sebastian Melmoth izena hartu zuen. Horregatik jarri ditut bi izenak, kartzelaren aurretik izandako bizitza arrakastatsua eta ondorengo makalaldia adierazteko.

Lehendik ere interes berezia izango zenuen Oscar Wilderen inguruan, ezta?

Betidanik izan dut interes handia. Dena den, orain arte ez zegoen Oscar Wilderen biografia euskal literaturan. Horrek ere asko animatu ninduen.

Biografia nobelatua den aldetik, Wilderen istorioa moldatzeko askatasuna hartu duzu?

%98an erabateko fideltasunez eutsi diot Oscar Wilderen benetako bizitzari. Haren biografia ugari irakurri ditut, eta informazio hori guztia baliatu dut. Edonola ere, nobelatzeko beti egiten da zerbait berezia. Esaterako, maitale baten ahotan jarri dut kontakizuna. Maitale horrek lehenengo pertsonan azaltzen du Oscar Wilderi gertatutakoa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu