Lagun Onak eta Zarautzen arteko derbia izango da larunbatean Garmendipen

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 20a, 11:02

Azpeitiarrek azkenaldian izandako emaitza txarrei aurre hartu eta emaitza on bat lortzea dute helburu

Derbia 16:30ean hasiko da, Garmendipe futbol zelaian

Eskualdeko bi futbol taldek derbia jokatuko dute larunbat arratsaldean. Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak eta Zarautz futbol taldeen arteko partida izango da bihar, 16:30ean, Garmendipe futbol zelaian. Azpeitiarrek azkenaldian izandako emaitza txarrei aurre hartu eta kostakoen kontra emaitza on bat lortzea dute helburu. Zarautzek, berriz, garaipena lortu nahi du Azpeitian, "sailkapeneko azkenengo postuetatik irten eta aurrera egiteko".

Gaur egun, Lagun Onak sailkapeneko bosgarren postuan dago 43 punturekin; laugarren dagoen Gernikak ere 43 puntu ditu. Zarautz, berriz, beheko aldean dago, azken hirugarrengo postuan, 22 punturekin. Fermin Ierobi Zarauzko futbol taldeko kirol ordezkariaren esanetan, "guretzako Lagun Onak taldearen kontrako partida garrantzitsua da, irabaziz gero beheko postuetatik irteteko balio dezakeelako. Taldean bajarik ez dugu une honetan, eta aukera honetaz baliatu beharra daukagu". Ierobiren esanetan, Zarautzen sailkapeneko egoera ez da batere erosoa, Lagun Onak, berriz, egoera hobean dagoela dio.

Baina, Lagun Onak taldekoek ere ez dute bihar partida galtzeko asmorik. "Etxean jokatzen dugu eta guretzako biharko partida garrantzitsua da. Gainontzean, denboraldio partida bat gehiago da. Baina azkenaldian izan ditugun emaitza txarrei aurre egiteko partida irabazten edo aurrera ateratzen saiatuko gara", dio Juan Ramon Olalde Kinttela Lagun Onak futbol taldeko kirol delegatuak.

Lehen itzulian, Astin, Lagun Onak taldeak 0-2 irabazi zion Zarauzko taldeari.