Lurrun trenen bidaiari kopurua jaitsi egin zen 2008an

Uztarria.eus 2009ko ots. 19a, 11:02
Apirilaren 9an hasiko da denboraldi berria.

Guztira 34.658 bidaiari ibili ziren, 2007an baino 7372 lagun gutxiago

Martxoaren 20an eta 21ean ibili ziren bidaiari gehien

2008an 34.658 bidaiari ibili ziren guztira Eusko Tren Sozietate Publikoak kudeatzen dituen lurrun trenetan. Martxoaren 19tik azaroaren 2ra martxan egon zen denboraldian 2007 urtean baino 7372 lagun gutxiago ibili ziren lurrun trenetan.

Martxoan ibili ziren bidaiari gehien Azpeitiko Museoa eta Lasao arteko ibilbidea egiten duten lurrun trenetan. Martxoaren ondoren, abuztua izan zen bidaiari gehien hartu zituen hilabetea. Egunei dagokionez, martxoaren 20an eta 21ean, ostegun eta ostiral santuan, hartu zituen trenak bidaiari gehien. Izan ere, bi egun horietan 500 pertsona baino gehiago ibili ziren trenean.

Lurrun trenen denboraldi berria apirilaren 9an hasiko da, ostegun santu egunean. Egun horretatik aurrera astebukaera guztietan, eta azaroaren 1a bitartean, hiru zerbitzu eskainiko dituzte: larunbatetan bi bidai egingo ditu trenak, 12:30ean eta 18:00ean, eta igandean, 12:30ean. Jai egunetan igandeko zerbitzua mantenduko da.