Gazte independentistek deituta, mobilizazioak egingo dira gaur, osteguna

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 19a, 10:02

Eguardiko hamabietarako elkarretaratzea deitu dute, anbulatorio aurrean; 19:30ean, manifestazioa egingo dute herriko plazatik abiatuta

"Eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan", adierazi dute gazte independentistek

Gazte independentistek mobilizazioak deitu dituzte gaurko Euskal Herria osoan, "itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan jarraitu eta urrats berri bat emateko; independentziara lotzeko urratsa!". Azpeitian, Lotu independentiziara! lelopean, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan anbulatorio parean eta arratsaldean, 19:30etik aurrera, manifestazioa egingo dute herriko plazatik abiatuta.

"Munduan horrenbeste gose eta miseria sortzen duen sistema kapitalistaren bi katebegi besterik ez diren estatu espainiarrak eta frantziarrak 2009ko euskal gazteria zapaltzen dute, eta Iruñeko eta Gasteizko gobernuek euren akolito lana egiten dute", salatzen dute gazte independentistek.

Aldarrikapenak

Besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren, eredu patriarkalaren, euskararen zapalkuntzaren eta egungo hezkuntza sistemaren kontrako eta etxebizitza eskubidearen nahiz langileen eskubideen aldeko aldarriak egin dituzte mobilizazioekin.

Eredu hori aldatzeko "antolatzen den ororen aurka agintari denek errepresio bortitza" erabiltzen dutela azaldu dute. "Ipar Euskal Herrian indartzen ari den mugimendu abertzalea kriminalizatu dute eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako proiektuak eteten saiatu dira. Hego Euskal Herrian, zapalkuntza eta zatiketa egoera honetatik erabakia euskal herritarren esku jarriko duen agertoki berriaren alde antolatzen eta borrokatzen duen ezker abertzaleari gerra deklaratu diote, UPN eta EAJ bezalako diruzaleekin estatutu eta hobekuntza berriak hitzartzen dituzten bitartean".

Horrekin batera, "eredu zapaltzaile honen aurrean hamaika borrokatan antolatzen garen eta borrokatzen dugun gazteon aurkako polizia errepresio etengabea mantendu dute".

"Euskal Herri berri bat"

"Eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan", azpimarratu nahi izan dute gazte independentistek. "Etsaiak milaka aurpegi" dituela eta, "sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde. Lotu gaitezen independentziara!".