Azpeitia, inkomunikatutako herri bat

BegoƱa Elias ('Berria') 2009ko ots. 17a, 13:02

Zenbaiti, titulua gehiegizkoa irudituko zitzaion, baina, tamalez, gaur egun horrela dela esan dezakegu. Garraio publikoez ari naiz, begiratzerik besterik ez dugu gure herri eta ingurukoek daukagun gabezia ikusteko.

Baina, itxura denez, gure agintariek begien bistakoa dena ukatu edo makillatu egin nahian dabiltza. Eta, ohitura ez galtzeko, hauteskunde kanpainan hainbat promes egingo dizkigute, nahiz eta gero ezer edo gutxi egin, eta horretan dabiltza, eguna joan eta etorri, buru-belarri sartuta beraien gidoian.

Aste honetan bertan jakin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-631, Azkoitia-Urretxuko errepidea hobetzeko asmoa duela, eta herritarren iritzia jaso nahi duela. Itxura denez, orain konturatu dira (kanpaina hasi bezain laster) egunero 4.300 ibilgailu pasatzen direla errepide horretatik.

Arazo hau ez zuten kontuan eduki 1984. urtean, Zumarragako Ospitalea inauguratu zutenean. Gaur egun, bide horretan gidatzea ausarkeria hutsa da, kamioiak, anbulantziak, autobusak eta abar ibiltzen direlako bihurgunez jositako errepidean. Ez zuten kontuan eduki ere 1986. urtean Urolako trena kendu zutenean, trenbideak eraitsiz, horren lekuan bidegorriak ipiniz, eta beste hainbeste Azpeitia-Zumaia tartean, hor trena kendu zuten. Gero, diru pila gastatuta, lurrunezkoa ipintzeko, bost kilometroko ibilbidea egiteko.

Nire galdera da: zertarako etorri ote dira egunotan Ibarretxe, Olano, Egibar eta abar Azpeitiko trenaren museora, trenik gabe utzi gintuztela gogoratzeko? Bestalde, Foru Aldunditik garraio publikoan ibiltzeko gomendioa egiterakoan, kontuan izan ibar honetan bizi garenak hirugarren mailako biztanleak garela, garraio publiko gabezia izugarria daukagulako, eta kontuan eduki ere trena kentzearekin egin zenuten astakeriari esker egunero-egunero hainbat langile, ikasle eta biztanle autoa hartzera kondenatuta gaudela.