Hementxe dira karnabalak!

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko ots. 17a, 12:02

Asteburuan karnabalak datoz, eta horiekin batera txaranga, artzain-inude eta mozorroak

Sokamuturra hiru egunetan izango da

Joan den asteburuan Hungariako kaldereroak iritsi ziren herrira, kale guztiak kopla zaharrez betez eta karnabalak iragarriz. Festa giroa nabarmentzen hasi da dagoeneko.

Ostiralean hasiko da jai giroa Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatutako Euskal kalejira jaialdiarekin. 18:30ean izango da. Larunbatean, berriz, kirola izango da protagonista nagusia. Izan ere, bigarrengo urtez, erreminta jaialdia antolatu dute inauterietan, herriko kirolari afizionatuei herrian jokatzeko aukera emateko asmoarekin.

Igandean, Elegante egunean, festak eztanda egingo du. Egun horretan XX. Eskolarteko Krossa, Artzai-IƱudeak, txaranga eta sokamuturra izango dira egunean zehar.

Astelehenean, egunez, haur mozorrotuen desfilea, zezen txikiak eta umeentzako jolasak antolatu dira eguna girotzeko. Gauean, urtero bezala, helduen mozorro lehiaketa egingo da.

Asteartean, azken egunean, sokamuturra eta erremonte partidak egongo dira. Aurtengo inauteriei agurra arratsaldeko zortziretan emango zaio, Suzko zezenarekin, plazan.

Erreminta Jaialdia

Herriko hainbat kirolari afizionatuk Inauterietako II. Erreminta Jaialdia jokatuko du larunbatean. Pala gomako, erremonteko eta zesta puntako partidak antolatu dituzte, larunbatean, 17:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan.

Inauterietan ohitura da erremonteko partidak jokatzea Izarraitz pilotalekuan. Aurten ere antolatu ditu Udalak, Inauterietako asteartean. Baina, iaz ekimen berri bat jarri zuen martxan Udaleko Festa Batzordeak: aurreneko aldiz Erreminta Jaialdia antolatu zuen Inauterietako egitarauaren baitan.

Iaz ekimena martxan jarri zutenean, "herriko kirolari afizionatuei herrian jokatzeko aukera ematea" zuten helburu Udaleko Kiroletako arduradunek. Iaz ekindako bideari aurten ere heldu egin diote, berriro jaialdia antolatuta.

Inauterietako asteartean, berriz, profesionalen arteko erremonteko partidak jokatuko dituzte 17:00etan, Izarraitzen.

II. Erremintako Jaialdia eta Erremontea

Otsailak 21, larunbata

Larunbatean jokatuko da II. Erreminta Jaialdia, 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Honako partida hauek jokatuko dituzte:

  • Pala goma, mutilak. Garikoitzek eta Ziarsolok Aizpuruaren eta Eizmendiren kontra.
  • Erremontea. Berasategik eta Azurmendik Otaegiren eta Bereziartuaren kontra.
  • Pala luzea. Etxeberriak eta Bikutzek Altunaren eta Oteroren kontra.
  • Zesta punta. Gorostola I.ak eta II.ak Blazquezen eta Erkiagaren kontra.
  • Pala goma, neskak. Danielak eta Nagorek Uxueren eta Oihanaren kontra.

Otsailak 24, asteartea. Inauterietako asteartea

Inauterietako Erremonteko partidak, 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

  • Lehen partida. Matxin VI.a eta Zubizarreta Etxabe II.aren eta Etxezabalen aurka.
  • Bigarren partida. Bereziartua eta Badiola Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra.

Inauterietako egitaraua ikusteko klikatu hemen