Morillo: "Ez ote lukete zenbaitek begirada bera despolitizatu behar?"

Uztarria.eus 2009ko ots. 14a, 13:02

Idazleak dio euskararen arloan lan egiten dutenak politikatik kanpo dabiltzala erabat

Politikak aspertu egiten duela aitortu du

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla medio, elkarrizketa informal horietakoa egin diote gaur (larunbata) Fernando Morillo azpeitiar idazleari El Diario Vasco egunkarian eta, erdal hedabideek maiz ateratzen duten gaia atera diote: "Euskara despolitizatu egin behar dela diote batzuek". Morillok beste galdera batekin erantzun dio kazetariari, gogoetara gonbidatuz bezala: "Neurri handi batean, euskal munduan bizi naiz. Ikusten dudana da sekulako lana egiten ari dela jende asko (era guztietakoa) euskaraz eta euskararen inguruan! Eta gehien-gehiena politikatik kanpo erabat. Ez ote lukete zenbaitek begirada bera despolitizatu behar?".

Bestela, politikak bera "aspertu" egiten duela dio idazleak, eta ez duela jarraitzen. Erlijioa eta futbola dira hura aspertzen dutenak, elkarrizketan dioenez. "Arrazoia sinplea da: zale itsu bat azaltzen bazaizu (eta berdin zait zer koloretakoa!), amaitu da arrazoia eta jolasa. Horrelakoetan bakarrik isiltzen naiz. Zertarako alferrik nekatu? Bestela, ez daukat arazorik edozertaz hitz egiteko... zerbait baldin badakit behintzat!".

"Duintasuna" eskatzen die politikariei Morillok. "Dutenei, eutsi diezaiotela eskatzen diet. Nola edo hala. Zitalkeria kutsagarria da... baina baita duintasuna ere! Jendea hobera alda daitekeela pentsatu nahi izan dut beti".

Bestetik, Eider Alkorta azpeitiar politologoak hauteskundeez iritzi artikulua idatzi du Berria egunkarian, Buruz burukoa? izenekoa. Xabier Euzkitzek ere bai Noticias de Gipuzkoan, Kanpaina izenburukoa. Miel Anjel Elustondok PSE-EEren mitin bateko kronika egin du Berrian