Udalbidek bere babesa adierazi dio Korrika 16ri, Azpeitian

Uztarria.eus 2009ko ots. 12a, 13:02
Mertxe Mujika, Julian Eizmendi, Edurne Brouard eta Jose Luis Mendoza, gaur (osteguna) eman duten prentsaurrekoan.

Gaur (osteguna) sinatu dute hitzarmena Udalbideko Zuzendaritza Batzordearen lehendakari eta Azpeitiko alkate den Julian Eizmendik eta Korrika 16ren arduradun Edurne Brouardek Azpeitiko udaletxean

"Korrika euskal herri gehienak batzen dituen ekimena da eta Udalbide euskal eremu osoan ibiltzen da" adierazi du Brouardek

Euskal Herriko udal erakundeen elkartea Udalbidek bere babesa emango dio Korrika 16ri. Azpeitiko alkatea eta Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria den Julian Eizmendik gaur, osteguna, prentsaurreko batean adierazi duenez, 1500 euroko diru laguntza emango dio Udalbidek martxoaren 26an Tuteran abiatuko den euskararen aldeko ekimenari. Eizmendirez gain, udaletxean izan dira Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mujika eta Udalbideko zuzendari Jose Luis Mendoza.

Julian Eizmendik adierazi duenez, Korrikaren egitasmoa Udalbide elkartearenarekin bat dator. "Udalbide elkartearen helburuetako bat Euskal Herriko udal ezberdinetako harremanak sendotzea da. Esparru ezberdinetako harremanak sendotu nahi ditugu, baina batik bat amankomunean dugun kulturarena". Eizmendiren arabera, helburu hori gauzatzeko "administrazio eta eragile ezberdinen elkarlana eta ahalegina ezinbestekoa da".

Euskara, "amankomunean dugun hizkuntza", Euskal Herriko toki desberdinak lotzen dituela adierazi du Azpeitiko alkateak eta horregatik euskararen kontzientzia hainbat tokitan sendotzen jarraitu behar da, "euskaraz bizi nahi dugunon herrian".

Hori da, hain zuzen, Korrika 16ren leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Korrikaren eta AEKren arduradun den Edurne Brouardek gaur adierazi duenez, "Ongi etorria denei eman nahi diogu, euskaraz dakitenei, ez dakitenei, euskara jakin eta erabiltzen dutenei eta euskara jakin eta erabiltzen ez dutenei".

Brouardek hitzetan, oso garrantzitsua da instituzioen parte-hartzea, gehienbat udaletatik irtetzen dena, herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa delako. Zentzu horretan, Udalbideri eskerrak eman nahi izan dizkio. "Guretzat Udalbiderekin lan egitea ohore bat da. Korrika euskal herri gehienak batzen dituen ekimena da eta Udabilde euskal eremu osoan ibiltzen da".

Korrika 16 Tureran abiatuko da martxoaren 26an eta apirilaren 5ean amaituko da Gazteizen. Denbora horretan 2001km inguru egingo ditu lekukoak. Azpeitiara apirilaren 2an iritsiko da.