Zergatik intsumiso?

Enekoitz Esnaola 2009ko ots. 11a, 14:02

Hogei urte bete ditu Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak, eta neu gaur hamar urte epaitu ninduten Espainiako armadara joateari uko egiteagatik. Arrazoi batzuk azaldu nizkion epaileari eta, fiskalak akusazioak erretiratu ostean, ez ninduen zigortu. Behean, nire arrazoiak.

Oraintxe beteko ditu Espainiako armadaren aurkako euskal intsumisio mugimenduak hogei urte (otsailaren 14tik 19ra artean Kakitzat talde antimilitaristak ekitaldiak egingo ditu, Bilbon).

Neu ere izan nintzen intsumiso eta, hain justu, gaur (otsailak 11) hamar urte epaitu ninduten, Donostiako Auzitegiko 2. aretoan. Fiskalak, aurrez idatziz jakinarazi zidatenez, sei hilabeteko kartzela zigorra eta hamar urteko erabateko kargu-gabetzea eskatua zuen neure kontra.

Aurretik, 1997an, Azpeitiko elkarte batzuek eskatuta, intsumisioari buruzko lan zabal bat prestatu nuen, eta epaiketara epaileari lan horretako laburpena egiteko asmoz joan nintzen. 1999ko otsailaren 11ko auzi saio hartan, arrazoi sozio-ekonomikoak, historikoak eta humanoak azaldu ondoren (eta politikoak aipatu aurretik), fiskalak erretiratu egin zituen neure aurkako eskaera haiek. Ondorioz, ez ninduten zigortu.

Hemen behean, epaiketarako prestatu nuen laburpena.

--

Zergatik intsumiso?

Euskal herritarrak ez dira Leon Tolstoi-ren liburuko Ivanen erresumakoak bezalakoak, baina askok nahiko lukete Euskal Herria erresuma haren gisakoa izatea arlo batean: armadarik gabekoa. Tarakanski tsar-aren ejertzitoa Ivanen lurraldera sartu zenean, hemengo herritarrek ez zieten Tarakanskiren militarrei aurre egin. Soldadu horiek herria suntsitu arren, herritarrek negar besterik ez zuten egin. Ez dira izan eta ez dira halakoak euskal herritarrak, aurre egin izan dietelako kanpoko armadei, horretarako taldeak sortuta. Ivanen erresuma bezala Euskal Herria armadarik gabekoa izan artean, horra bidean intsumisioa da gaur eman daitekeen pausoetako bat.

Pisuzko arrazoiak

Euskal herritar askok eta askok jarrera antimilitarista eduki izana ez da arinkeria, ez da sinplekeria, oinarri-oinarrian badituztelako pisuzko arrazoiak era horretako jarrera edukitzeko: arrazoi sozio-ekonomikoak, historikoak, humanoak edota politikoak. Horregatik da ulergarria Euskal Herria izatea Europako herrialderik antimilitaristenetakoa.

Neu ere Espainiako armadari intsumiso natzaio, eta ez naiz joango hara. Hauek dira neure arrazoiak.

1. Arrazoi sozio-ekonomikoak.

Euskal Herriko gazteok badugu sobera motibo sozial eta ekonomiko armadak eta gizarteko zenbait esparruko ideologia militarizatua apalesteko. Hor badute zerikusirik baloreek.

Horren ildotik, interesgarriak dira Joxe Azurmendi idazle eta filosofoak Demokratak eta biolentoak bere liburuaren aurkezpenean esandakoak (1997-11-26): “Demokrazian, sistema politiko guztietan, beti pertsonak daude. Demokrazia ez da Greziako jainkosa bat; oso jende konkretua da, oso enpresa konkretuak, oso familia konkretuak. Eta Franco hil eta gero, ‘demokrazia’ deitzen den sistema honetan oso ongi kokatu dira politikoki, ekonomikoki. Haiek interes handia daukate demokrazian zirkinik ere mugitu ez dadin, demokrazia baino gehiago haien demokrazia dagoelako arriskuan; haien interesak, haien posizioak, enpresak”. Eta Azurmendi gaur egun munduan komunikabideek daukaten garrantziaz aritu zen ondoren: “Prentsak demokrazian oso posizio jakinak ditu, eta bandoak badaudela esan liteke prentsaren barruko gerretan ere, enpresa batzuekin lotuak, alderdi batzuekin eta abar. Azpian botere faktikoak daude. Eta haiek ez dute inolako legitimazio demokratikorik; atzean geratzen dira eta ez dira agertzen, eta pantailan agertzen direnek, berriz, legitimazio demokratikoa omen daukatenek, beti gehiengoaren arrazoia ateratzen dute: ‘Gehiengoak aukeratu gaitu eta gehiengoak arrazoia ematen digu horrela edo horrela egiteko’”. Demokrazia era hori traba dela dio Azurmendik: “Tresna izan behar zuena gure arazoak konpontzeko, bakea lortzeko eta elkarbizitza egokia antolatzeko, bera ari zaigu traba eta eragozpena gertatzen arazoak konpontzeko”.

Batez ere XX. mendeko erdialdetik aurrera, eta armen teknologiak aurrera egin duen arren, munduan armaden presentzia fisikoa murriztuz joan da, baina horrek ez du esan nahi ideologia militarra edo militarizatua murriztu edo ahuldu egin denik. Ez da horrelakorik gertatu. Gertatu dena da Azurmendik aipatzen dituen familia, enpresa eta pertsona jakinen interes pribatuen araberako ideologia hori gizarteko zenbait esparrutan txertatu egin dela: hezkuntzan, lan munduan, politikan, komunikabideetan, nazioarteko harremanetan… Azken batean, militarismoak, borreroak bezala, milaka aurpegi ditu eta, ahal den gehien disimulatzeko-edo, lotsagabe antzaldatzen du kanpoko itxura. Azala, beraz, desberdina dute; mamia, ordea, bera.

Euren asmoak kolokan daudenean, ‘legezko biolentzia’ erabiltzen dute. Baliabideak behar dira horretarako, baina indar faktikoek dirua dute. Armada denez familia eta enpresa haien euskarri nagusietako bat, diru ugari xahutzen dute arma militarretan, haientzat hobea baita gero eta arma sofistikatuagoak izatea. Honatx datu batzuk: Hego Euskal Herrian urtero 180.000 milioi pezeta gastatzen dituzte armetan, Espainiako Estatuan 1,6 bilioi pezeta eta munduan 125 bilioi pezeta. Hori dela kausa, hezkuntzak, osasunak eta funtsezko beste arloek ez dute behar bezainbeste diru jasotzen, eta Hirugarren Mundua delakora ere ez dute nahikoa diru bideratzen.

2. Arrazoi historikoak.

Salbuespen bakarren bat salbu, euskal herritarrek ez dute izan jarrera inperialistarik eta, une jakin batzuetan armadak sortu baldin bazituzten, euskal lurraldea eta euren eskubideak defenditzeko eratu zituzten. Azkeneko gerrateetara joz, esaterako, Lehen Karlistadan (1833-1839) milaka gudari aritu ziren Tomas Zumalakarregiren aginduetara. Bigarren Karlistadan (1872-1876) 40.000 laguneko armada sortu zuten, orduan ere foru historikoen defentsa egiteko. Espainiako Gerran (1936-1939) ere izan zen euskal gudaririk: 55.000 lagun inguruko taldea.

Aldiz, beste kasu batzuetan, batik bat XVIII. mendeaz geroztik, Espainia edota Frantzia defenditu behar ziren kasuetan, euskal gazteek makina bat aldiz egin zieten uko bi herrialde haietako ejertzitoei. Horretan zerikusi handia eduki zuten foru historikoek. XVIII. eta XIX. gizaldietan Espainia eta Frantzia Euskal Herria biziki bortxatzen hasi zirenean, ika-mikak eta liskarrak sortu ziren, foruen arabera euskal gazteek ez zutelako zertan egin soldadutzarik eta ez zutelako zertan joan armadara. Horixe zen, behintzat, euskal herritar ugariren interpretazioa. Hala, hori gertatu zen Espainiaren eta Frantziaren arteko Konbentzio Gerran (1793-1795), ehunkada eta ehunkada lapurtarrek uko egin ziotelako Frantziako ejertzitoa defenditzeari. Hori gertatu zen XIX. mendearen hasiera-hasieran, Napoleon enperadore frantziarrak Europa konkistatzea deliberatu zuelarik, ipar euskal herritar askok eta askok desertatu egin zutelako. Hori gertatu zen Lehen Mundu Gerran (1912-1914), ipar euskal herritar gazte ugarik desertatu eta ez zuelako parte hartu Frantziako armadan.

Horixe gertatzen da gaur egun ere, euskal intsumisoen bidez. Espainiako eta Frantziako konstituzioek mutil gazteek armadara joan behar dutela dioten arren, azkeneko urteetan milaka euskal gaztek uko egin diete. Ordea, bai lehen eta bai orain, euskal gazteriak errepresio gogorra pairatu izan du horregatik: epaiketak, kartzelatzeak, kargu-gabetzeak…

3. Arrazoi humanoak.

Arlo humanotik ere badu bere alde arbuiagarria armadak. Batetik, ondorio mingarriak dakartza derrigorrezko soldadutzara joandako gazteentzat, guztiz aldatzen baita haien bizimodua: kolpetik bizilekuz aldatzen dituzte, ejertzitoan baldintzak kaskarrak izaten dira, agintekeria pairatzen dute han, urtebete inguruko soldadutzan kasik sosik ez dute irabazten eta lanean ari direnek utzi egiten diote soldata irabazteari, armadan harreman pertsonaletan hutsetik hasten dira...

Horrek denak bestelako ondorioak ere sortzen ditu. Adibidez, Espainiako armadara joandako hogei bat gaztek bere buruaz beste egiten dute urtero. Horretaz gain, istripuz jendea hiltzen da ejertzitoan, baita zauritu ere. Gisa berean, soldaduengan ondorio psikikoak eragiten ditu armadak.

Bestetik, Soldadutzaren Ordezko Zerbitzua ere kritikatzeko modukoa da. Izan ere, azken batean, armadarekin kolaboratzen jarraitzea da. Sozio-laboralki, berriz, atzerakoia: lan soziala eginagatik ere, gazteek ordu ugari sartzen dute lanean, huskeria irabaziz eta eskubide sindikalik eta sozialik gabe (langabezia laguntzarik gabe, baja mediku ordaindurik gabe…). Horrek eragozpenak baino ez dizkie jartzen langabeei eta lanpostuen sorkuntzari.

(fiskalak orduan esan zuen nire kontrako akusazioak erretiratu zituela, eta ezin izan nituen arrazoi politikoak azaldu)

4. Arrazoi politikoak.

Historian zehar egon dira Euskal Herrian bertakoak ez ziren indar batzuk. Baina azken mendeetan Euskal Herriak nagusiki bi aurkari izan ditu eta ditu: Espainia eta Frantzia.

Azkeneko lau mendeetako gertaerei dagokionez, 1512an gertatu zen inbasiorik garrantzitsuenetakoa, Gaztelak eta Aragoik, Errege Katolikoaren aginduetara, Nafarroako erresuma bere egin zutelako: Albako dukearen tropa Nafarroan sartu zen eta Fernando Katolikoak herrialdea konkistatzeko agindua eman zuen. Horrela, Nafarroa Garaia Gaztelaren eta Aragoiren esku gelditu zen. Nafarroa Behereak erresuma independente segitu zuen, baina laster hartu zuen mendean Frantziak. Nafarroa Garaian hamaika lagunek ez zuten amore eman eta borrokan segitu zuten burujabetza berreskuratzeko. Adibidez, 1516an, soldadu batzuk Garazitik sartuta. 1521eko maiatzean, berriz, lurraldea mendean hartzea lortu zuten baina ekainean, Noiango borrokaldian, galdu egin zuten Gaztelako armadaren kontra; Amaiurren berrehunen bat nafar soldaduko taldea gelditu zen, baina 1522ko ekainean Gaztelako hamar mila militarrek garaitu egin zituzten. Nafarroak orduan galdu zuen betirako subiranotasuna.

XVII. mendean, 1620an, Frantziako armadak Nafarroako (Nafarroa Behereko) erresumako hiriburua hartu zuen —Paue—, eta Nafarroari geratzen zitzaion burujabetza eta erakundeak kendu zizkion, Zuberoako gortea barne. Ondoren, Bernard Goienetxe Matalas apaiz zuberotarrak administrazio paraleloa sortu zuen, baita Frantziari aurre egiteko lau mila zuberrotarreko talde armatua ere. Frantziak Bordeletik armada bidali zuen Zuberoara. 1661a zen eta, guztira, 400 bat zuberotar hil zituzten (15.000 biztanle zeuzkan orduan euskal herrialde horrek, gaur antzera). Matalasi lepoa moztu zioten Lextarreko plazan.

1789ko Frantziako Iraultza eta gero, Ipar Euskal Herrian ahalmen ekonomiko eta politikorik gabe gelditu ziren. Hegoaldean XIX. mendean egon zen pil-pilean foru historikoen gaia, eta orduan ere Espainiak —1812tik zeukan Konstituzioa— indarraren arrazoia erabili zuten arma nagusi modura. Helburua: hego euskal herritarrei eskumenak kentzea. Hego euskal herritarren xedea: euskal lurraldeen ahalmenak eta berezitasunak defenditzea. Horrela, bi gerra egon ziren: Lehen Karlistada (1833-1839) eta Bigarren Karlistada (1872-1876). Foruen defenditzaileak izan ziren bietan galtzaile. Garaile, zentralistak.

1936an gerra zibila hasi zuten Espainiako Estatuan, eta hego euskal herritarrek ere borroka egin behar izan zuten, Espainiako II. Errepublikaren alde egin ere (1931tik zegoen), Franco, Mola eta horien jarraitzaile eskuindarren aurka. Frankistak Espainiako armada baliatuz altxatu zirenean, euskal herritarren aurka egitea zen haien helburu nagusietako bat. Izan ere, 1936an bertan Eusko Jaurlaritza sortu zen eta gobernu horrek, 1933an Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak onartutako Estatutuan oinarrituta, ahalmen juridiko, ekonomiko eta administratiboak zeuzkan (Nafarroak, militarren-eta presioa eta alkate batzuek herritarrei egindako iruzurra zirela kausa, ez zuen parte hartu Estatutu hartan). Francok-eta irabazi zuten gerra, eta 1975era arteko diktaduran latz pairatu behar izan zuen Hego Euskal Herriak.

Franco hil ondotik —1975ean zendu zen, denboralean gaixorik egon ondoren—, 1978an Espainiako Estatuan Konstituzioa onartu zuten, erreferendum bidez, baina ez Hego Euskal Herriaren baiezkoarekin, hemengo herritarrek ez zutelako onartu: %34,9 baino ez ziren alde agertu. Hala ere, iritzi horri muzin eginez, Hego Euskal Herriari inposatu egin zioten Espainiako Konstituzioa. Hor dago adibidez, Konstituzio horretako bigarren artikulua: “La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles”. Hego Euskal Herriak ez du autodeterminazio eskubidea, Espainiako Konstituzioan ez delako agertzen halakorik (aldiz, Nazio Batuen Erakundeak Eskubide Zibil eta Politikoen Akordioan 1. artikuluan jasotzen du autodeterminazio eskubidea, eta azkeneko mende erdian munduko hainbat herrialdek erabili izan dute). Halaber, hor dago Espainiako Konstituzioko zortzigarren artikulua: “Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional”. Hor ere Espainiaren indarraren arrazoia garbi ageri da.

Ipar Euskal Herrian, orobat, 1789ko Frantziako Iraultzaz geroztik bezalatsu jarraitzen dute: komunitate eskubiderik gabe, erakunde politiko-administratibo propiorik gabe, euskara ofizializatu gabe…

Ondorioz, Espainiako eta Frantziako estatuak dira Euskal Herriaren aurkari nagusiak. Gainera, euskal gazteei armadara joateko derrigortzen diete (soldadutzara edo Soldadutzaren Ordezko Zerbitzura); bestela, zigortu egiten dituzte.

Horrenbestez, garbi dago euskal abertzaleek sobera arrazoi politiko badutela Espainia eta Frantzia ez defenditzeko.

1999ko otsailaren 11n, Donostiako Auzitegian,

Enekoitz Esnaola Carrera