Felix Zubizarretak aizkora apustua adostu du martxoaren 1erako

Urola Kosko Hitza 2009ko ots. 11a, 12:02
Felix Zubizarreta aizkolari azpeitiarrak Alex Txikonek botatako erronkari erantzun dio.

Alex Txikon izango du aurrez aurre Azpeitiko zezen-plazan

Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan

Datorren martxoaren 1a egun azpimarragarria izango da, zalantzarik gabe. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira, eta begirada guztiak horri zuzenduta egongo dira: lehendakari aldaketarik izango den ala ez, alderdi politiko bakoitzak zenbat eserleku lortu dituen, duela 4 urte baino boto gehiago edo gutxiago jaso dituzten... Hala ere, izango da arreta beste nonbait jarrita duenik. Izan ere, Felix Zubizarreta aizkolari azpeitiarra eta Alex Txikon lemoarra elkarren aurka lehiatuko dira, Azpeitiko zezen-plazan, eta bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan.

Erronka, irrati bidez

Urtarrileko lehen astean bota zion erronka aizkolari bizkaitarrak Zubizarretari, Euskadi Irratiko Hiru erregeen mahaia kirol irratsaioan, hain justu ere. "Ezagunek telefonoz deitu zidaten Txikonek botatakoa entzun al nuen galdetzeko. Ondoren, nire entrenatzaile Jesus Olaizola Agite-rekin hizketan aritu nintzen, eta hark animatu ninduen erronka onartzera", adierazi du azpeitiarrak.

Hirugarren mailako aizkolariak dira, bai Txikon bai bera, baina "ez gara oso ezagunak", dio Zubizarretak apaltasun osoz. Bere esanetan, "lehendik ere elkar ezagutzen ginen, txapelketetatik eta. Lagunarteko giroa izaten da horietan eta elkar hitz egin izan dugu behin baino gehiagotan". Elkarren artean harremana bazuten ere, apustuak "apurtxo bat ezustean" harrapatu zuela nabarmendu du aizkolari azpeitiarrak.

Hamasei kanaerdiko lana

Erronkan, kanaerdiko 16 egurrekin egin beharko dute lana. Tamaia hori Txikonek proposaturikoa izan zen; Zubizarretak, bere aldetik, nahiago zuen egur handiagoekin lan egin, baina "berak ez zuen nahi izan eta, azkenean, bere erara jokatu beharko dugu".

Zein egur mota erabili Txikonek zehaztu zuenez, jaialdia "etxean" jokatzea proposatu zuen azpeitiarrak. Eta halaxe izango da: Azpeitiko zezen-plaza lehiaren lekuko bihurtuko da martxoaren 1ean, 12:30etik aurrera. Bestalde, erronkan erabiliko dituzten egurrak Zubizarretak berak jarriko ditu.

Mendizalea eta arraunlaria

Bi lehiakideak egun aizkolari badira ere, beste diziplina batzuetatik datoz. Lemoarra Edurne Pasaban mendigoizalearekin batera ibiltzen da espezioetan eta Zubizarreta, berriz, arraun mundutik dator, Zumaian eta Orion ibilitakoa baita.

Erronka

Noiz. Martxoaren 1ean, 12:30ean.

Non. Azpeitiko zezen-plazan .

Aizkolariak. Felix Zubizarreta eta Alex Txikon. Bakoitzak bi laguntzaile izango ditu.

Proba. 16 kanaerdiko lana egin beharko dute.

Apustua. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu mahai gainean. Guztira, 6.000 euro jokoan.