Emakumeen Nazioarteko Egunerako kartel lehiaketa martxan jarri dute

Uztarria.eus 2009ko ots. 10a, 11:02

Urola Kostako Koordinadora feministak antolatu du kartel lehiaketa martxoaren 8rako

Emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena izan behar du kartelaren gaia; epea otsailaren 16era arte zabalik egongo da

Datorren martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, Urola Kostako Koordinadora feministak kartel lehiaketa deitu du. Emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena gai hartuta, nahi duenak bere kartel propioa egiteko aukera izango du.

Kartelak A3 neurria izan behar dute eta bi kolorez osatuta egon behar dute, txuriaz gain. Derrigorrezko testurik egon ez arren, antolatzaileek adierazi dutenez lemak garrantzia izango du.

Lanak entregatzeko epea otsailaren 16ra arte izango da zabalik, Azpeitiko Posta Kutxa 250 helbidean. Kartelarekin batera, egilearen datu pertsonalak bidali behar dira kartazal baten barruan, eta sobrearen azalean lema idatzi beharko da. Kartelak euskarri inprimatuan eta digitalean aurkeztu beharko dira.

Irabazleak asteburu bat nekazalturismo batean irabaziko du.