Jaione Unanue Garzonen aurrean deklaratu eta etxera bidean da

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko ots. 6a, 13:02
Gaur ezker abertzaleak Azpeitian egin duen manifestazioko une bat. ('Urola Kostako Hitza')

Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta inputatu eta deklaratzera deitu zuen Garzonek joan den asteartean, beste hamabi lagunekin batera

D3M eta Askatasunaren jarduna eteteko eskatu dio Garzoni Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza, gaur (ostirala) goizean

Jaione Unanue Kuka azpeitiarrak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, ostirala. Garzonen aurrean deklaratu du eta 12:45erako Espainiako Auzitegi Nazionalaren kanpoan zen; dagoeneko etxera bidean da. Garzon Espainiako Audientzi Nazionaleko epaileak asteartean deklaratzera deitu zuen, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformarekin eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta. Unanuez gain, beste 12 lagunek deklaratu dute gaur Madrilen, inputatu gisa.

Goizeko 10:00etan ziren deklaratzen hastekoa. Jaione Unanueren inguruko iturrien arabera, berandu iritsi da azpeitiarra Madrilera. Goizeko seiretan abiatu dira Azpeititik, baina eguraldi balditzak eta trafikoa medio, 10:30etan heldu da Auzitegi Nazionalera.

"Hauteskundeetako helburu politikoekin" Batasunaren eta Ekinen aginduetara aritzea egozten zien Garzonek auto batean inputatuei eta, ondorioz, ETAren esanetara aritzea. "Talde terroristako" kide jo zituen.

Deklarazioa hasi aurretik, D3M eta Askatasunaren jarduera eteteko eskatu dio Garzoni Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Vicente Gonzalez Mota fiskalaren eskutik. Garzonek Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eskaera onartzen badu, bi talde horiek ezingo dute martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarreko bozetan parte hartu.

Beste hamabi inputatu

Hamairu lagunek deklaratu dute gaur guztira. Unanuez gain, Askatasunatik Xabier Isasa Garmendia idazkaria, Miriam Diaz Tuesta Arabako bigarren zerrendaburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako eta Urtzi Vidal Astobiza izan dira Garzonen aurrean. D3Mtik Ainara Etxebarria Escudero, Itziar Garmendia Mitxelena eta Eneko Agirre Garcia Gipuzkoatik, Fernando Antia Zoilo eta Oscar Viteri CastaƱares Arabatik eta Maria Lidia Barcena Aurrekoetxea, Ana Rosa Tapia Gonzalo eta Aioa Barrena Salgado Bizkaitik deklaratu dute.

Gaur manifestazioa

Ezker abertzaleak deituta eta Kriminalizaziorik ez! Independentistok aurrera lelopean, manifestazioa egin dute gaur, 19:30, herriko plazatik irtenda.