Mikel Agirre: "Arazoa da nazio mailakoari geuk etxean ez diogula ofizialtasunik ematen"

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 6a, 10:02
Mikel Agirre, Ikasberri Kirol Elkarteko kidea. (Nerea Uranga)

Ikasberri Kirol Elkarteko kidea da

Igande honetan, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta, 45. Euskadiko Kros Txapelketa jokatuko dute Goenako kanpan, XI. Ikasberri Krosaren baitan

Igandean, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta, XI. Ikasberri Krosaren baitan Gipuzkoako Eskolarteko Kros Txapelketa eta 45. Euskadiko Kros Txapelketa jokatuko dituzte. Krosaren aurkezpenean, Ikasberri Kirol Elkarteko kide Mikel Agirrek "elkartearen beraren filosofiarekin bat eginda" antolatu dutela nabarmendu zuen. Hau da, lehenengo euskal herritarrari jarriko diote lasterketako txapela, nahiz eta Euskadiko Atletismo Federazioak bestelako sailkapen bat egin; alegia, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko lasterkariak kontutan hartuko dituzte Ikasberrikoek.

Ikasberri Kirol Elkartearen filosofia jarraituz emango dituzue sariak igandean, Euskadiko Kros Txapelketan. Irizpideak, ordea, ez datoz bat Euskadiko Atletismo Federazioarekin, ez da horrela?

Guk Federaziokoei esan diegu, sariak gure irizpideen arabera emango ditugula: sariak lehenengo euskal herritarrei emango dizkiegu. Federazioak, ordea, bere dominak ekarriko ditu eta bere irizpideen arabera banatuko ditu. Federazioak onartzen du zazpi probintzietako lasterkariek irten dezaketela, baina gero domina EAEkoek bakarrik irabaz dezakete.

Nafarrak urte batzuetan kontuan hartu ditu Federazioak eta beste batzuetan ez. Aurten, esaterako, nafarrak ez dituzte kontutan hartuko Euskadiko Kros Txapelketan, ezta?

Orain urte gutxi aldatu zuten berriro irizpide hori. Federazioak pribatuak dira, kluben klubak dira... Federazioen aldetik ez dago nazio ikuspegirik eta bakoitzak nahi duena egiten du. Orain, Euskadiko eta Euskal Herriko txapelketa aipatzen dute, nahi dute bat egin... Badirudi beraiek onartzen dutela taldeka bada ere Euskal Herriko txapeldun bat izendatzea, baina beti ere lehenengo hiru postuak EAEko kirolarientzako gordetzen badituzte. Betikoa mantendu nahi dute, baina Euskal Herriaren kontu hori nonbaiten sartuta. Federazioko batzordeak erabakiko du haien irizpideen arabera; hala ere federazioek goitik muga bat dute.

Igandeko Euskadiko Kros Txapelketak bi sailkapen izan al ditzake, orduan?

Bai, eta hala gertatzea nahiago nuke, kontua nabarmen gelditzeko. Baina gauza ez da oraingoa, oraintxe futbolarekin gertatu dena hor dago, Euskal Herriko selekzioa, Euskadikoa... Futbolean-eta euskal selekzioa aldarrikatzen dugu, baina gero gauza txikienarekin kateatu egiten gara. Benetako borondaterik ez dagoelako gertatzen da hori, eta folklore hutsean gelditzen da kontua. Arazoa da, nazio mailakoari geuk etxean ofizialtasunik ez diogula ematen. Kanpoan selekzio bat izan nahi dugu, baina barrutik hasi behar dugu lanean; aurrena hemen hasi behar dugu nazio bat bezala funtzionatzen. Baina beste gauza guztietan bezalaxe, gaur egun dauzkagun kiroleko egiturek foru erkidegoka edo departamentuka funtzionatzen dute, eta federazioek probintziaka eta erkidegoka. Hor dago lehenengo muga, hori puskatzen ez bada bakoitzak bere txapelketak antolatuko ditu.

Beraz, kirol egiturak aldatu behar al dira?

Bai, hala da. Nazio mailako kiroleko egiturak sortu behar dira, Euskadiko edo Euskal Herriko federazioak. Orain Euskadiko federazioa dago, baina EAEra mugatzen da. Zazpi probintzietako kirolariak kontuan hartuko dituenak sortu behar dira. Euskal Herriko Pilota Konfederazioa sortu berri da, legezko egitura bat du, eta zazpi probintziatako kirolarien lizentziak antolatzen ditu; kirolari horien arteko txapelketak antola ditzake. Lehengo bide urratze bat da hori. Borondatea badago egitura berriak sortzea posible da. Baina, politikan gertatzen den bezala, kirolean ere ez da interesatzen moldeak puskatzea, ez dago horretarako borondaterik.

Ikasberri Kirol Elkartekook ahalegi bat egin eta gonbidapena zazpi probintziatara bidaltzen saiatzen zarete, ez da hala?

Guk ere gure ekarpena egin beharra daukagu, guk gure pausotxua eman behar dugu. Gonbidapena Nafarroako kirol elkarteetara bidaltzen dugu, baita Ipar Euskal Herrikoetara ere. Baina hor ere mugak aurkitzen ditugu: esaterako zailtasun handiak ditugu Ipar Euskal Herriko kirol elkarteen helbideak-eta lortzeko. Dena den, ahal bezala informazioa zabaltzen ahalegintzen gara. Guk, XI. Ikasberri Kros honetara Euskal Herri osotik jendea etortzea nahiko genuke.