Kaldereroetan Ardozaleak omenduko du Udalak

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 5a, 13:02
Ardozaleak elkarteko bi kide, gurdiarekin, Kalderetotako kalejiran. (Nerea Uranga)

Ardozaleek urte askotan antolatu dute desfilea eta aurten Udalak hartu die lekukoa

Hilaren 14an izango da festa

Aurtengoak Ardozaleak elkartea gabe antolatutako lehen kaldereroak izango dira, baina Ardozaleek festaren erdi-erdian egoten jarraituko dute. Izan ere, elkarte hori omenduko du Udalak aurten. Hilaren 14an izango da, larunbatez, kaldereroen kalejira, eta orduan egingo dute omenaldia.

Ardozaleak elkarteak urte askoan antolatu du kaldereroen kalejira eta, gainera, urtero herritarren bat omendu izan dute, elkarteko bazkideek aukeratuta. Aurten, ordea, "denbora eta errelebo" faltagatik, lan hori utzi nahi zutela adierazi zioten Udalari. Horren aurrean, Udalak bere gain hartu du kalejira antolatzeko ardura. Bide batez, orain arte egindako lana eskertzeko, aurten elkartea bera omentzea erabaki du Udalak.

Trapu zaharren eskean

Gauzak horrela, batik bat haurrek eta gazteek osatuko dute aurtengo kalejira. Joan Antxieta musika eskolakoak eta Musika Bandakoak izango dituzte lagun eta, nola ez, baita astodun bi gurdi ere. Trapu zaharrak eskatuko dituzte, oihu betean, Plaza Txikian, Etxe Zuri aurrean eta Olazko Andre Mariaren plazan.

Otsailaren 14a, datutan

ENTSEGUAK

Entsegu orokorra. Otsailaren 10ean eta 12an, 20:00etan, Baigera-koen (lehen Aitonena) Plaza Txikiko egoitzan, 4. solairuan.

Haurrena. Otsailaren 12an, 18:30ean, Iturri Txiki ludotekan.

IBILBIDEA

Desfilearen ibilbidea. Enparantza nagusia, Enparan kalea, Erdi kalea, Eliz kalea, Done Jakue kalea edo Pilotalekua, Enparantza nagusia, Olazko Andre Mariaren plaza, Bustinzuriko Errebala eta Enparantza Nagusia.

Otsailaren 14a (larunbata), egitaraua

14:00. Sokamutil izandako guztiak omenez, bazkaria Hotel Loiolan. 17:00etan. Kalderero txikienentzat, jaialdia Zapo Txokon. Toni La Sal emanaldia ikusgai izango dute.

19:30. Kaldereroen desfilea kalez kale, Udal Musika Bandak, Joan Antxieta Musika Eskolak lagunduta. Ludotekako begiraleek zainduko dituzte haurrak.

22:30. Trigger Travis eta Acido C taldeen kontzertua enparantza nagusian.