Kultur Mahaiak udal taldeei bilera eskatu die aurtengo egitasmoez hitz egiten hasteko

Uztarria.eus 2009ko ots. 5a, 16:02

San Agustin gunea, webgunea eta urteko ekitaldien egutegia ditu ardatz nagusiak

Mahaiak 2009ko aurrekontua prestatua du, eta udal laguntza ere beharko duela dio

Azpeitiko Kultur Mahaiak udal taldeei bilera eskatu die, Kultur Mahaiak aurtengorako dituen egitasmoez hitz egiten hasteko. EAJ, ezker abertzalea, EA eta Aralarri eskatu die batzarra egitea, bakarka.

Kultur Mahaiak joan den azaroaren 27ko batzar nagusian onartu zuen 2009ko kudeaketa plana. Hain zuzen, San Agustin kulturgunea martxan jartzea eta antolaketa zehaztea, komunikazio arloan kultur webgunea sortzea eta urteko kultur ekitaldien egutegia koordinatzea dira haren ardatz nagusiak. Mahaiak dio proiektu horiek abian jartzeko udal laguntza ere beharko duela.

Udaleko taldeek planari buruzko informazioa jasoa dute, eta Mahaiak 2009ko aurrekontua, kultur langile berria behar dela erakusten duten zereginak eta kultur webgunearen proiektua ere eman die. Julian Eizmendi alkateak ere jaso du informazioa.

2006ko otsailean sortu zuten Kultur Mahaia herriko arloko taldeek eta Udalak, "herriko kultur egitaraua antolatzeko eta kultur azpiegituren funtzionamenduaz hitz egiteko helburuarekin". 2007ko abendutik Talde Eragilea du, operatibitatean irabazteko nahian —hamabi kide daude gaurko taldean—.

Azpeitiko Kultur Mahaiko kideak

Kultur taldeak
- Antxieta Arkeologi Taldea.
- Itsasi Euskal Kultur Taldea.
- Sahatsa Dantza Taldea.
- Dantza Suelto Eskola.
- Izarraitz Txistulari Taldea.
- Azpeitiko Udal Musika Banda.
- Juan Antxieta Musika Eskola.
- Urrestillako Triku Musika Taldea.
- Zubi-Zarreko Musika Taldea.
- Eztake kultur talde musikala.
- Metal Boskotea.
- Kitarrista Taldea.
- Parrokiko Abesbatza.
- Julian Barrenetxea Abesbatza.
- Nemesio Otaño Abesbatza.
- Erniarraitz Bertsozale Elkartea.
- Lakrikun Antzerki Taldea.
- Arte eta Diseinua.
- Orkatz Kultur Elkartea.
- Azpeitiko Zine Kluba.
- Natatxa Films.
- Azpeitiko Argazki Elkartea.
- Bide Ona Sanjuandegiko Kultur Elkartea.
- Ikasberri Azpeitiko Ikastola-Kultura.
- Nabarraldeko Azpeitiarrak Taldea.
- Kinttela Zezen Zale Elkartea.
- Aurkitu Internet Elkartea.

Udal taldeak-Kultura Batzordea
- EAJ.
- Ezker abertzalea.
- EA.
- Aralar.

Norbanakoak
- Hainbat herritar.