Konposta egiteko hondakinak biltzeko bigarren fasea martxan jarriko dute

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 5a, 10:02
Konposta egiteko planta Lapatxen iaz ekainaren 4an inauguratu zuten.

Horren berri emateko saioak antolatu dituzte

Lehenengo fasean Lapatxeko konposta egiteko plantan 382.670 kilo hondakin organiko jaso dituzte, horietatik 46.810 Azpeitian

Joan den ekainean hondakin organikoak bereizita jasotzeko esperientzia pilotua jarri zuten martxan Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian. Orain, lehen fasea bukatu eta bigarrenarekin hasiko dira, abuztura bitartean. Bigarren fase honetan, gai organiko gordinez gainera, haragia nahiz arraina eta prestatu gabeko nahiz sukaldatutako jakiak botatzeko aukera izango da. Horretaz informatzeko herriz herri saioak antolatu dituzte.

Ekainetik konposta egiten

Bildutako hondakinekin konposta egiteko planta Lapatx zabortegian eraiki eta iaz inauguratu zuten, ekainaren 4an. Orduko aurreikuspenen arabera, 2016 urterako 60.000 tona hondakin konpostatzea aurreikusten dute. Lapatxeko planta, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Sozietateak kudeatuko du, baina Urola Erdiko Udal Elkartearen esku dago.

Hondakin organikoak biltzeko herrietan bosgarren edukiontzi bat jarri zuten orduan, marroia. Esperientzia martxan jarri zenetik izandako emaitzarekin oso gustura daude Urola Erdiko Udal Elkartekoak. "Oraindik ere plastikozko poltsa batzuk botatzen ditu jendeak edukiontzi marroira, baina orokorrean jendea ondo ari da bereizten eta bildutako hondakinekin ateratzen ari den konposta oso ona da", diote. Oraindik ere lehen konposta ez dute atera merkatura, "behar den bezala ontzeko denbora bat behar baitu konpostak".

Bigarren fase honetan, sukaldatutako jakiak eta haragia nahiz arraina bilduta nolako konposta ateratzen den ikusi nahi dute. Izan ere, "bigarren fasea bukatu ondoren, esperientzia Gipuzkoa osora zabaldu" nahi dute.

Ekainetik abendura bitartean Lapatxeko konposta egiteko plantan 382.670 kilo hondakin organiko jaso dituzte: horietatik 43.050 kilo Azpeitian.

Hondakin organikoak biltzeko ekimenaren lehen fasean Urola Kosta eskualdeko 1.635 familiek hartu dute parte: Azpeitian 410ek, Azkoitian 529 familiak,Zarautzen 433k eta Zumaian 263k. Bigarren fasean parte hartzeko beste familia batzuk ere izena emanda dute dagoeneko.

Informazio saioak

Etxeko materia organikoaren gaika biltzeko bigarren fasea hasiko dute. Parte hartu nahi dutenentzako informazio saioak antolatu dituzte. Saioek bi zati dituzte: 10-15 minutuan informazioa emango dute eta beste 10 minututan materiala banatuko dute.

  • Parte hartu nahi duten familia berriak. Esperientzia pilotu honetan parte hartuko duten familia berriei honako materiala banatuko diete: informazio liburuxka; hondakin organikoentzako ontzia eta poltsa konpostagarriak; eta edukiontzi marroiak irekitzeko giltza.
  • Lehen fasean parte hartu duten familiei. Bigarren faseko informazio saioetan honako materiala emango zaie: informazio-liburuxka berria eta hurrengo hilabeteetarako poltsak.
  • Noiztik nora. Gaur hasi eta larunbata arte. Ostegunean eta ostiralean, 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Larunbatean 10:00etatik 13:00etara. Puntuan euskarazko hitzaldiak, eta erdietan gaztelerazkoak.
  • Non. Sindikatu Zaharreko lehenengo solairuan.