Joxe Takolo beka martxotik aurrera eskatu ahal izango da

Uztarria.eus 2009ko ots. 4a, 14:02

Beka 4.200 eurokoa izango da

Goi-mendizaletasuna bultzatzeko helburua du

Joxe Takolo beka jarri du martxan aurten ere Azpeitiko Udalak. Goi-mendizaletasuna bultzatzeko helburua duen beka hau martxoaren 1etik 31ra arte eskatu ahal izango da.

Beka 4.200 eurokoa izango da eta Euskal Autonomi Elkarteko mendizale, mendi elkarte eta beste eratako talde edo elkarteei zuzenduta dago. Eskariak Azpeitiko Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzea eskatu den proiektu edo jardueraren ardura duen ordezkari edo pertsonak eskari-instantzia ofiziala bete beharko du eta Nortasun Agiriaren fotokopia eta proiektuan partaide izango direnen federazio baimera ere aurkeztu beharko ditu.

Beka emateko ebaluazioa egiteko Batzorde Tekniko bat osatuko da. Batzordea beka ematerako orduan, besteak beste, ondorengo irizpideetan oinarrituko da: egin nahi den jardueraren kalitatea, entitatearen ibilbidea, jardueraren finantziazioa eta iraupena edo jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza-baliabideak.

Proposamen guztiak aztertu ondoren, erabakia apirilaren 1aren eta 15aren artean ezagutzera emango du Udalak.

Aurreko urteetako Joxe Takolo Beka-ren irabazleak

  • Pumori (2001).
  • Nanga Parbat (2002).
  • Elurretako Leopardoa (2003).
  • Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino (2004).
  • Euskal espedizioa Baintha Brakk 2005 (2005).
  • 2006an beka hutsik geratu zen.
  • Mendi Bira 2007: Escaladas de alta dificultad alrededor del mundo (2007).
  • Joxe Takolo bidea Marokon (2008).