Jaione Unanue inputatu du Garzonek, Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta

berria.info eta uztarria.com 2009ko ots. 3a, 17:02

Azpeitiarrarekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak D3M eta Askatasunarekin zerikusia dutela leporatuta beste hamabi lagun auzipetu ditu, eta ostiralerako deitu

ETAren esanetara aritzea egotzi die eta "talde terroristako" kide jo ditu

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformarekin eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta hamahiru lagun inputatu gaur (asteartea) eta ostiralerako deklaratzera deitu ditu. Haien artean dago Jaione Unanue Baños Kuka azpeitiarra, Askatasunako ordezkaria delakoan. Goizeko hamarretatik aurrera hartuko ditu.

"Hauteskundeetako helburu politikoekin" Batasunaren eta Ekinen aginduetara aritzea egozten die Garzonek eta, ondorioz, ETAren esanetara aritzea. "Talde terroristako" kide jo ditu.

Askatasunatik Xabier Isasa Garmendia idazkaria, Miriam Diaz Tuesta Arabako bigarren zerrendaburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako eta Urtzi Vidal Astobiza ere deitu ditu epaileak. D3Mtik Ainara Etxebarria Escudero, Itziar Garmendia Mitxelena eta Eneko Agirre Garcia Gipuzkoatik, Fernando Antia Zoilo eta Oscar Viteri Castañares Arabatik eta Maria Lidia Barcena Aurrekoetxea, Ana Rosa Tapia Gonzalo eta Aioa Barrena Salgado Bizkaitik —horietatik inor ez da izango hautagai—.

Duela bi aste, D3M bultzatu zutelakoan, Espainiako Poliziak Amparo Lasheras, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Eli Zubiaga, Agurtzane Solabarrieta, Arantza Urkaregi, Hodei Egaña eta Iñaki Olalde atxilotu zituen, Garzonek aginduta, eta preso dauzkate.

Espainiako Gobernuak Estatuko Abokatuari agindu dio D3Mren eta Askatasunaren aurka egin dezala, ETArekin eta Batasunarekin loturak dituztelako ustez. Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrareko hauteskundeak, eta bihar eta etzi aurkez daitezke helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenean. Garzonek, baina, D3Mren eta Askatasunaren jarduera politikoa eten dezake, eta horretarako derrigorrezkoa du haiekin lotura dutelakoan pertsona batzuk inputatzea.

D3Mk eta Askatasunak aurkeztuak dituzte euren hautagaitzak bozetarako.