Behin etorkinen diagnosia eginda, orain ekintza plana jarriko dute abian

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 3a, 10:02
Joan den astean herriko eragileetako ordezkarian aurrean aurkeztu zuten etorkinen diagnosia eta Ekintza Plana. (Nerea Uranga)

Udaleko teknikariekin, politikoekin eta herritarrekin osatutako lan talde bat sortuko dute gaiak eztabaidatzeko

Diagnosiaren arabera, 832 etorkin bizi da Azpeitian

Azpeitiko etorkinen inguruko azterketa egin du Prospektiker enpresak, Udaleko Gizarte Zerbitzuak eskatuta. Orain, bildutako datuak eskuartean dituztela Ekintza plana martxan jarriko dute. Horrela, herrian bizi diren etorkinen errealitatea ezagutzera gerturatu nahi dute Udaleko arduradunek.

Parte-hartzean oinarritutako plana da etorkinena. Hala, hamabostero bilduko den lan talde bat sortuko dute ekintza plana garatzeko. Talde horretan, Udaleko teknikariak, politikoek eta herriko eragileen ordezkariek eta herritarrek parte hartzea nahi dute: "Taldean parte hartuko duten herritarrak, bai bertakoak bai etorkinak izatea nahi dugu". Bilera horietan, "identifikatutako gaiak" aztertuko eta eztabaidatuko dituzte. Batzarretan jasotako ekarpenak, gero Ekintza Planean bilduko dituzte.

Prospektiker enpresakoen esanetan, Udalak gai honen inguruan dituen eskuduntzak kontuan izanda, ekintza plan "errealista eta bideragarria" egitea da helburu nagusia.

Azpeitiko etorkinen diagnosia, laburtuta

832 etorkin bizi da Azpeitian. 2009. urtearen hasierako datuen arabera, Azpeitiko biztanleriaren %5,6 etorkinek osatzen dute; alegia, 832 herritar etorkinak dira. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 2008an etorkinen kopurua %5,4koa zen eta Gipuzkoan bakarrik, %5,12koa.

Azpeitian 2002an baino lau aldiz etorkin gehiago bizi dira.

  • 2000. urtean: 216 etorkin bizi ziren Azpeitian.
  • 2002an: 181 etorkin.
  • 2005ean: 330 etorkin.
  • 2007an: 665 etorkin.
  • 2009an: 832.

Erdiek baino gehiagok lau urte baino gutxiago daramatzate herrian erroldatuta. %53, 21ek lau urte baino gutxiago daramatza Azpeitian erroldatuta; hau da, 832tik 666 lagunek.

  • Urtebete baino gutxiago erroldatuta daramatenak: 226 etorkin, %27, 13.
  • Urtebete eta bi urte artean erroldatuta: 217 etorkin, %26,08.
  • Bi eta lau urte artean erroldatuta: 223 etorkin, %26,8.
  • Lau eta sei urte artean erroldatuta: 61 etorkin, %7,3.
  • Sei urte baino gehiago Azpeitian erroldatuta daramazkitenak: 105 etorkin, %12,6.

45 herrialdetatik etorritakoak. Azpeitiko etorkinen erdiak baino gehiago hiru herrialdetan du jatorria, %55,01: Portugal, Maroko eta Ekuador. Herrialdez herrialde hona kopuru batzuk:

  • Portugal: 185 etorkin, etorkinen %22,24.
  • Maroko: 167, %20,07.
  • Ekuador: 106, %12,7.
  • Argentina: 49, %5,89.
  • Pakistan: 41, %4,93.
  • Brasil: 35, %4,21.
  • Txile: 28, %3,37.
  • Aljeria: 25, %3.
  • Errumania: 19, %2,28.
  • Kolonbia: 15, %1,80.
  • Bolivia: 15, %1,80.
  • Polonia: 15, %1,80.
  • Kuba: 13, %1,56.
  • Txina: 12, %1,44.

Etorkin gehienak gizonezkoak dira. Azpeitira etorritako etorkinen %58,3 gizonezkoa da eta %41,7 emakumezkoa.

  • Dena dela, jatorriaren arabera kopuruak aldatu egiten dira: Latinoamerikatik datozen gehienak emakumezkoak dira. Baina, Portugal, Maroko eta batez ere Pakistanetik datozenak nagusiki gizonezkoak dira. Adibide batzuk: Argentinatik etorritakoen %51,02 emakumezkoa da eta, aldiz, Portugaldik etorritakoen %67,03 gizonezkoa da, baita Pakistandik etorritakoen %80,49a ere.

Etorkinen batez besteko adina 29,9 urtekoa da.

  • Etorkinen %32,21k 25-34 urte bitartean ditu eta %24,27, berriz, 35-44 urte artean ditu .

Etorkin gehienak alokairuan bizi dira. Baina, azterketaren arabera, alokairuan etxebizitza aurkitzeko zailtasunak dituzte.

Batik bat, obra kontratuak eta aldi baterakoak egiten dizkiete.

  • 2007an Azpeitian bizi diren 402 etorkinek lan kontratua izan zuten. Pertsonako kontratu kopurua batez beste 1,7koa izan zen. Horietatik %42,3ri obra kontratua egin zieten eta %33,6ri aldi baterako kontratua. Kontratu mugagabea %2ri bakarrik egin zieten.
  • 2007an, etorkinak batik bat eraikuntzan eta industrian kontratatu zituzten.

Etorkinen haur gehienak Lehen Hezkuntzan. 2007-2008 ikasturtean etorkinen haur gehienak Lehen Hezkuntzan (57 haur) zeuden matrikulatuta. Haur Hezkuntzan 19 haur zeuden eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 26 gazte.

Helduen Hezkuntza zentroan %47,6a etorkinak. Azpeitiko Helduen zentro berrian 2008an izena emandakoen %47,6 etorkina zen. Horietatik %58 emakumeak ziren eta ikasleen talde nagusiena marokoarrena zen.

Euskalduntzeko bi arrazoi nagusi. Etorkinek bi arrazoi nagusigatik ikasten dute euskara: batetik, bertan lan egiterakoan askotan eskatzen den baldintza delako; eta, bestetik, bertakoekin harremanetan jartzeko hizkuntza delako.