"Urterokoari helduz" antolatu dituzte festak Matxinbentan

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 2a, 09:02
Iaz bezala, aurten ere haur jolasak egingo dituzte. (Nerea Uranga)

Auzoko jai batzordea osatzen dutenen helburu nagusia, "Matxinbentako festak ez galtzea da"

Asteazkenean hasiko dira jaiak eta igandera bitartean egunero ekimen bat izango da

Matxinbentako Santa Ageda festak asteazkenean hasiko dira, santa-eskearekin. Urtero bezalaxe, auzoko hiruzpalau gazte bildu, auzoko festa batzordea osatu eta antolatu dituzte festak. "Urteroko legez antolatu ditugu festak", dio Ainitze Agirrezabalak, festa batzordeko kideak. Izan ere, helburua, "urterokoari heldu eta Matxibentako festak ez galtzea da".

Asteazkenean hasiko dituzte jaiak, Santa Ageda bezperan, eta egunero-egunero igandera bitartean jai giroko zerbait antolatu dute Matxinbentan.

Festak aurrera ateratzeko aurten ere auzotarrek emandako produktuekin osatutako otarra zozkatuko dute, igandean. Baina ez hori bakarrik, gaur zortzi eguerdiartean Ilunpe Pilota Elkartekoek pilota partidak jokatuko dituzte. Matxinbentako bi gaztetxo ere pilotan ariko dira, nor baino nor.

Santa ageda jaietako egitaraua

Otsailak 4, asteazkena. Santa Ageda bezpera.

  • Goizean, santa-eskean irtengo dute auzotarrek, Laja eta Izeta trikitilariekin eta Loidisaletxe bertsolariarekin.
  • Iluntzean, santa-eskekoak itzuliko dira Matxinbentara eta erromeria izango da.

Otsailak 5, osteguna. Santa Ageda Eguna.

  • 11:00etan meza nagusia eta, ondoren, erretiratuentzako hamaiketakoa.
  • Iluntzean, erromeria Larreategi anai-arrebekin.

Otsailak 6, ostirala. 22:00etan, mus txapelketa jokatuko dute, Beheko tabernan. Txapelketarako izena 21:30ean eman behar da tabernan bertan.

Otsailak 7, larunbata. 21:00etan, bertso-afaria egingo dute Iker Zubeldiak eta Xabier Zeberiok parte hartuko dute, Beheko tabernan. Afarirako izena emateko Beheko tabernara deitu behar da, 943 886315 telefono zenbakira.

Otsailak 8, igandea.

  • 11:00etan, meza nagusia.
  • Meza ondoren, haur jolasak egingo dituzte. Ilunpe Pilota Elkartekoen arteko partidak eta Matxinbentako gazteenak jokatuko dituzte.
  • Eguerdia artean, artisau azoka eta Pagorriagako oreinen erakusketa.
  • 17:00etan, herri kirolak: aizkoran, Joseba Otaegi eta Jon Rekondo; harri-jasotzen Aimar Irigoien eta Goenatxo. Giroa alaitzen, berriz, Izer eta Alabier trikitilariek jardungo dute. Orduan, auzoko produktuekin osatutako otarra zozkatuko dute.